Espainiak Munduko Kopan jokatutako partidek sekulako ikusmina izan dute Hego Euskal Herrian. Telebistaren aurrean zeudenen artean, erdia baino gehiago zegoen Espainiari begira Luis Aragonesek gidatutako taldearen lau partidetan. Portzentajeetan, Espainiako batez bestekoetatik nahiko gertu ibili dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Hala ere, beste autonomia erkidego batzuetan baino gutxiago ikusi dira partida horiek EAEn -Kataluniaren pare-.
Herenegun Hannoverreko AWD estadioan jokatu zen Frantzia-Espainia partidak 569.000 ikus-entzule izan zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; %63,7ko batez bestekoa, Cuatro eta La Sexta batuz. TF1 Frantziako kateak ere lehia eman zuen. Espainiako estatu osoko batez bestekotik sei puntu eta bi hamarrekotara dago datu hori. Madril izan zen portzentajerik handiena izan zuen autonomia erkidegoa: %80,8. Bigarren lekuan Kanariar Uharteak agertzen dira (%78,9). Portzentaje txikiena, aldiz, Kataluniak izan zuen: %61,8.
Guztira, 12.199.000 ikus-entzulek jarraitu zuten partida Espainian eta 19.874.000 izan ziren lehiarekin uneren batean bat egin zutenak. 2002ko Eurovisioneko jaialditik ikus-entzule gehien izan dituen emanaldia da Espainiaren azken porrota. Futbolari dagokionez, soilik Txapeldunen Ligako Bayern Munich-Valentzia finaleko penaltiak eta 2002ko Munduko Kopako Espainia-Irlandaren luzapena daude herenegungo datuetatik gorago.
Espainiak Alemanian jokatutako aurreneko hiru partidetan, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko datuak hainbat autonomia erkidegoen parekoak izan dira. Espainia-Ukraina lehia, adibidez, gehiago ikusi zen EAEn Andaluzian baino. Espainia-Tunisia partidak bost puntu eta erdi gehiago izan zituen EAEn Katalunian baino. Eta Espainia-Arabia Saudi gutxiago ikusi zen Gaztela Mantxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baino. Lehen faseko hiru partida horietan Madril izan zen portzentaje altuenak eskuratu zituena.
'GOENKALE'-K%7,4. Eztabaida sortu da hainbat lekutan egunotan ETB1ek Goenkale atzeratu duelako bi astez Espainiaren partidak zirela eta. Asteartean denboraldiko azken atala 23:00etan emititu zuten, Munduko Kopako lehia amaitzerakoan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %7,4ko batez bestekoa izan zuen telesailak (54.000 ikus-entzule). Euskaldunen artean, %20ko audientzia izan zuen 2006 osoan baino bi puntu gehiago.
Espainiako ikusleen pare jarraitu dute euskal ikus-entzuleek Espainiako taldea
Frantzia-Espainia partida 569.000 ikus-entzulek jarraitu zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu