Sanferminak Iruñan. Leire Saralegi eta Erruki Ezkurra. Iruñazarrako tabernariak

«Esparru ofizialetatik eraso sexistak estaltzen dituzte sanferminetan»

Iruñazarra tabernak 40 urte baino gehiago daramatza hiriko erdialdean. Barraren atzetik sanferminetako alde on eta txarren lekuko dira Leire Saralegi eta Erruki Ezkurra tabernariak.

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
1969an ireki zuten Iruñazarra taberna. Francoren garaian. Abertzaletasunaren eta euskalduntasunaren aldeko txoko bat sortzea zen asmoa, eta urteekin Iruñeko Alde Zaharreko erdigunean toki propioa lortu du. Hango tabernariak dira Erruki Ezkurra (Basaburua, 1974) eta Leire Saralegi (Iruñea, 1975). Ongi dakite zer den sanferminetan tabernari eta emakume izatea. Badakite zer den eraso sexistei aurre egitea, eta, hala ere, festen aldeko aldarriari eustea. Jai parekide, euskaldun eta parte hartzaileen alde egiten du Mercaderes kaleko Iruñazarra tabernak.

Nola sortu zen Iruñazarra?

Erruki Ezkurra. Lehen komanderia bat zen, militarrek erosketak egiten zituzten bertan. 1969an Aparizio familiak hartu zuen. Haien nahia zen taberna euskalduna eta abertzalea izatea, eta lortu zuten. 1998an beste jabe batzuek hartu zuten taberna, baina oinarri berberekin jarraitu zuen.

Egun ere hasierako izaerari eusten dio?

E. Z. Egun ere leku erreferentziala da abertzale eta euskaldunentzat.

Sanfermin jaietan ere euskalduntasunaren eta abertzaletasunaren biltoki izatearen funtzio hori betetzen du?

Leire Saralegi. Kanpoko jende pila etortzen da, eta kutsu euskalduna galtzen du. Oso zaila egiten zaigu horri buelta ematea. Ez dakigu nola egin.

E. Z. Jende asko dator eta ezin da betiko giroa mantendu. Ezin duzu barran egon liskarrik izan gabe.

Festetan giro ona dago, baina tabernariek parranda barraren beste aldetik bizitzen dute. Erraza al da?

E. Z. Zu lanean zaude beste guztiak parrandan daudenean. Askok lana zailtzen digute.

L. S. Gauean badaude kontrola galtzen duten asko.

Emakumeak eta tabernariak. Eraso sexistei aurre egin beharko diezue.

E. Z. Neskak izanda, lan zaila da. Hilaren 7an lur jota joan nintzen etxera, eraso batengatik, kamiseta hautsi zidaten lanean nengoela. Ezin da baimendu jarrera sexistarik. Gero eta gehiago daude.

L. S. Askok uste dute sanferminetan hemen edozer gauza egin daitekeela, baina hori ez da horrela.

Zein da eraso sexisten aurrean hartzen duzuen jarrera?

E. Z. Autodefentsa. Zaplazteko bat ematea, ahal izanez gero. Gu ez gara geldirik geratuko erasoen aurrean. Atzo jantokian, «macho iberikook emeak behar ditugu», esan ziguten bi gizonek. Tabernatik bota genituen, eta guri «etarrak» ohikatuta alde egin zuten. Denetarik ikusi dugu; jarrera homofoboak ere jasan behar izan ditugu, eta guk ez dugu halakorik baimenduko. Argi daukat, tabernan nago, emakumea naiz, eta eskubide osoa dut: soilik nik erabakiko dut zeinek ukitzen nauen. Gure eskuetan dago buelta ematea emakumeon kontrako erasoei eta jarrera homofoboei.

Sanferminak edozer egiteko jaiak direla esaten da.

E. Z. Eraso sexistak ere horrekin justifikatzen dira. «Hemen denak balio du», esaten digute Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak. Hori da saldu duten jai eredua. Nazka ematen dit eredu horrek. Esparru ofizialetatik eraso sexistak estaltzen dituzte sanferminetan, eta horrela eraso gehiago egotea bultzatzen dute.

Zuek Iruñazarran jai eredu parte-hartzaile, herrikoi eta parekideen alde egiten duzuela diozue.

L. S. Guk horrela baino ezin ditugu ulertu festak. Parte hartzean, herrikoitasunean eta parekidetasunean eraiki nahi ditugu jaiak. E. Z. Gu bezala, Gora Iruñeak ere, bestelako jai batzuk aldarrikatzen ditu. Horretarako gune bat nahi zuen, eta Iruñeko Udalak ez dio utzi.

Zuek tabernariak zarete, eta, hala ere, Gora Iruñearen gunearen alde zaudete. Ez al da lehia?

E. Z. Ez. Gora Iruñean elkartzen da herri mugimendua, kaleari bizitza ematen dioten gizon-emakumeak. Guk, tabernariok, elkartasuna adierazi nahi diogu Gora Iruñeari, eta salatu nahi dugu Iruñeko Udalak espazioa eman ez izana.

L. S. Aurten okerragoa da, gunea ia hitzartuta zeukalako udalarekin. Espazio hori ez emateak kalte egiten dio hiriari.

Eraso sexistak, herritarren parte-hartze eskasa...Dena den, sanferminzaleak zarete?

E. Z. Munduko jairik parte hartzaileenak dira, nahiz eta Udalak hori ez bultzatu. Jende pila bat ezagutu daiteke. Kaleko jaia da, guztiz positiboa. Espontaneoa da. Adibidez, txistulari bat heldu, eta, besterik gabe, jotzen hasten da... Baina gauza negatiboak ere baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.