Rockaren eta punkaren alderdirik esperimentalenari bidea emango diote gaur Gasteizko Ibu Hots aretoan. Danisco (For Beauty) eta Viva Bazooka taldeek indarrez eta dezibelioz beteriko musika emanaldia emango dute. Ohiko etiketa guztietatik aldenduta, entzuleak beren musikarekin astintzeko gogoz taularatuko dira bi taldeak.
Pautik (Frantzia) dator Danisco (For Beauty) bikotea. Iazko abenduan argitaratutako IV diskoa aurkeztuko dute. Free-punk-jazz esperimentalaren alderdi basatiena uztartzen dute baxu jotzaileak eta bateria jotzaileak. Lightning Bolt, Belly Button, Ruins eta Sabor taldeetako jarraitzaileek ederki gozatuko dute frantziarren emanaldiarekin. A tant rever du roi kolektiboko —Frantzia hegoaldeko zigilu aktiboenetakoa— kideak dira Danisco (For Beauty) taldekoak.
Kontzertua Viva Bazooka taldeak irekiko du. Gasteizko kide batek eta Paraguaiko kide batek osatuta, emanaldi laburrak baina biziak egiten dituzte. Etenik gabeko hamabi minutu izan ohi dira. Musika tresnak gelditu gabe jota, entzuleei arnasa hartzeko aukerarik ematen ez dien hamabi minutu. Begiak kliskatuz gero, akabo.
DANISCO (FOR BEAUTY) ETA VIVA BAZOOKA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Ibu Hots aretoa (Gasteiz).
Sarrera. 6 euro.
Esperimentazioari bidea
Viva Bazooka eta Danisco (For Beauty) taldeek kontzertua emango dute gaur Ibu Hots aretoan, Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu