Nawja Nimri. Aktorea eta musikaria

«Espetxe batean gatazka argi ageri da; horregatik da hain erakargarria»

Emakumeen espetxe batean girotuta dago 'Vis a vis' telesaila, eta Zulemaren rola jokatzen du Nimrik —Antena3, asteazkenetan—. Ten telebista kate berriaren promozio iragarkiei, berriz, ahotsa jarri die.

BERRIA.
urtzi urkizu
2016ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Aita Jordaniakoa eta ama Nafarroakoa, Bilbon hazi zen Najwa Nimri Urrutikoetxea (Iruñea, 1972). Daniel Kalparsorok zuzendutako Salto al vacio filmarekin (1994) hasi zuen zinemako ibilbide oparoa. Musikan, Najwajean taldea osatzen du Carlos Jeanekin batera.Vis a vis telesaileko bigarren denboraldiko grabaketak amaitu berri ditu. «Eta orain musika tokatzen da», iragarri du.

Nolakoa izan da Vis a vis telesailaren grabaketen esperientzia? Zinemako filmaketetatik oso ezberdina?

Espainian egiten diren beste telesail batzuen aldean, Vis a vis-ekoa zinema set batera joatea bezala da. Gainera, kamerak, argiztapenaz arduratzen direnak eta langile asko zinema mundukoak dira. Aldatzen dena da dinamika askoz bizkorragoa dela. Zineman 30 aldiz errepikatzen duzuna telesailean bi edo hirutan eginda nahikoa da.

Ameriketako Estatu Batuetan zuzendari eta aktore asko zinematik telebistara pasatu dira. Asko aldatu al da azkenaldian zinemako jendeak telebistaz pentsatzen zuena?

Denentzat aldatu da. Momentuan dagoenera egokitu beharra dago. Guztiaren kontsumoa bizkorra da, eta telebista kontsumora egokitzen da. Arteetako bat da oraindik zinema. Telebista ez dakit artetzat jotzen den, baina entertainment-aren barnean, bizi dugun garaira gehien egokitzen dena da.

Telesaileko zure pertsonaia Zulema da. Gaiztoarena egitea esker onekoa al da?

Bai. Hasieratik esan zidaten gaiztoarena egin behar nuela, nahiz eta kartzela barnean badiren gaizto gehiago. Zulemaren kontrapuntua Macarena da [Maggie Civantos]. Printzipioz, iluntasuna eta argitasuna dira. Baina iluntasunean bada argirik eta argitasunean gauza ilunak ere badira, eta kontrasteak ikusten ari dira. Gaiztoarena egiteak motibatzen du, zukua nola atera aurkitzen badiozu, denean bezala. Ez da zailagoa edo errazagoa komedia edo drama egitea, onarena edo gaiztoarena egitea. Zaila da Los amantes del círculo polar filma egitea zein Zulemaren rolean sartzea. Zulema nondik eraman behar nuen asko prestatu dut. Telesailean ez gara inoiz atseginak izaten saiatzen, eta ematen du horrek funtzionatu duela.

Zer sentsazio izan dituzu kartzela bat irudikatzen duten dekoratu batzuetan lan egitean?

Kartzela bat eraiki zuten, eta erraza zen egoeran sartzea. Sentsazioa izan da bi urtez kartzelara joatea, goizeko sei eta erdietan.

Nazioartean modan daude emakumeen espetxeei buruzko telesailak. Zer dute ikusleak kateatzeko?

Kartzelak pertsonaia guztiak muturreko egoeratan jartzen ditu. Egoera horiek ekartzen dute akzio-erreakzio katea eta gatazka une oro presente egotea. Akzioaren oinarria gatazka da, baita entretenimenduzko telebistaren oinarria ere. Espetxe batean gatazka argi ageri da, eta horregatik da hain erakargarria.

Emakumeen arteko sexu eta indarkeria eszenak ez dira ia ikusi Espainiako telesailetan Vis a vis iritsi den arte.

Ez. Sexu, indarkeria eta hizkera gordinak ikusten dira telesailean. Zaila da telesailetan eta zineman horrelako emakumeak ikustea. Esker onekoa dela esango nuke.

Hainbat hedabidetan argitaratu dute telesaila hirugarren denboraldiarekin bukatuko dela. Ba al dakizu zerbait?

Pentsatzen dut hirugarren denboraldia egongo dela, eta azkena izango dela. Baina, oraindik, baieztatzeko dago. Gauza asko komentatzen da. Telebistan dena zenbakien arabera erabakitzen da, ordea, eta aste bakoitzean zerbait ezberdina esaten dute.

Etorkizunari begira, zer izan behar du eskaintza batek telebistan lan egin dezazun?

Trama interesgarri eta inteligente batekin lotura duen zerbait egingo nuke, thriller-a eta umore beltza duena. Interpretatzea gustatzen zaizkidan emakumeen kodeak izan behar ditu pertsonaiak.

Ikusle gisa zer telesail dituzu gogoko?

House of Cards aspaldi samar ikusi nuen, eta orain Black Mirror ikusi dut. Mr. Robot gogoko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.