Hominidoak dira nagusi sanferminetan. Nabarmena da haien gailentasuna, baina zoologian lan handia dago oraindik egiteko. Azterketarik azalenekoak ere dudak sortzen ditu orain arte onartutzat eman diren espezieen banaketaren inguruan. Behaketa azkar bat eta pikutara doa sailkapenik ordenatuena ere. Egunotan aurkitutako espezie berrietariko bat da, adibidez, argazkian ikus daitekeena. Giza gorputza, bai, baina gamelu gisako buruarekin eta atzerantz itzulia, gainera — harrapariei aurre hartzeko, ziur aski—. Kasu bat baino ez da hori, ordea; milaka daude. Berezia baita habitata. Irla baten modukoa, birjina eta ikertu gabea, kasik.
Noeren eta Darwinen arteko zer edo zer dute sanferminek ikerlarientzat. Esplorazio eta salbazio lanaren arteko zerbait. Darwin eta Noeren kasuetan bezala, gainera, ontziekin lotuta dago hemen ere ikerketa. Naturalistaren ontzia husten joan ahala, bizitzen joaten da azterketa. Sanferminetako zenbait espezieren sailkapena da ondorengoa. Espezieka ageri dira datuak, sanferminologoek aldarrikatzen duten zerrenden zorroztasunaren beharrari jarraiki (Zaldua, I., 2011). Zoo ederra sortu da hasierako protozoo hartatik.
'Homo erectus'-ak. Eguneko izakia da Homo erectus-a, nagusiki. Zuzena, fina, elegantea, garbia. Eguna luzatzen joan ahala, desagertuz joaten dira espezie horretako kideak, ordea, eta beste batzuk azaltzen dira haien lekua hartzera. Kale berberetan bizi dira. Homo inclinatus-ak agertzen dira, arratsalde bukaera aldera, eta Lau Hankako Homo quasi-etzana, iluntzen joan ahala. Adituen artean ez dago adostasunik (Arrizurieta, I., Elizondo, M.N., 2010). Espezie ezberdinak dira denak batzuen ustez, eta espezie bakarreko azpi-espezieak, berriz, besteen hitzetan. Homo zkor delakoaren azpi adarrak, alegia.
'Opor iheskari arrunta'. Ikusezina da espezie hau sanferminetan, baina ez dago horren zergatiaren inguruko azalpen argirik. Badira animalia horren existentzia ukatzen duten teorialariak ere, baina inork ez daki non dauden.
'M. A. Barrakus'-ak. Espezimen gogorrak dirudite espezie honetako kideek. Haiei sanferminak ez zaizkie inporta. Azal gogorra dute, zinez, eta zeharka baino ez ditu ukitzen festak. Urrunetik bizi dituzte, eta batere minik eta emoziorik gabe. Festak bai, festak ez, haiei berdin-berdin zaie. Hori da esaten dutena. Hiriaren Ekialdean dute habitat nagusia, barraketan. Animalia gogorrak, sanferminek batere eragiten ez dietenak; baina, hara, begira-begira ze polit dagoen nire haurtxoa zuri eta gorriz unikornio itxurako baten gainean igotairribarrez eta txaloka! Ez al da munduko umerik politena?
'Peñako mo-zoo'-ak. Talde animaliak dira peñako mo-zoo-ak. Gau eta eguneko espeziea. Sanferminetako faunaren barneko moluskuak. Festari pega-pega eginda daudenak. Perla ederrak uzten dituzte zientzialarien behaketek (Obitx, I., 2011). Bereziak dira talde honetako zenbait elikadura ohitura: ardo zahatoa altxatu, txorrota begi itxira bota, aurpegitik pasatzen utzi, ezpainetara heldu eta eztarritik behera joaten da edaria. Goiz, arratsalde, gau eta goiz. Mo-zoo-en artean, ez dago nekerik, ez malko, ez peñarik. Festa egin behar da, festa egiten da.
Garrantzi handiko aurkikuntzak dira sanferminetakoak espezieen jatorria eta jatortasuna ulertu ahal izateko bidean. Eta laburpen xume bat baino ez da zerrenda hau, lehen hurbilpen bat. Sekula ikusi, eta, agian, beste behin ere ikusiko ez diren espezieak bil ditzake naturalista adituak sanferminetan. Gozamen zientifiko hutsa dira festak behatzailerik zorrotzenentzat. Eboluzioaren teoria erabat ukatzeko beste datu ere biltzen da, ordea, Iruñeko kaleetako azterketa azalenekoenetan ere. Eraso sexisten aurkako telefonoa: 699-68 76 87.
Sanferminologoa
Espezieen jatorria eta jatortasuna
Espezieen jatorria eta jatortasuna ikertzeko gune bikaina dira sanferminak zientzialarientzat. Azaleko ikerketak ere nahikoa dira bertako faunaren interesaz ohartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu