Zibergela

Espioitza digitala

Informazio eta komunikazio garai honetan, edonoren eskura dago nahi beste datu eta informazio, baina batzuetan informazio pribatua ere teknologia berrien eskura geldi daiteke, jabearen baimenik gabe.

2010eko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Asmakizun eta aurrerapen asko bezala, informazio eta komunikazio teknologiak ez dira ez onak ez txarrak. Asmakizuna bera baino gehiago, erabilera izan daiteke ona edo txarra. Izan ere, baliabide eta jakintza gehiago eduki ahal izatea ona izaten da. Baina baliabide eta jakintza horietaz baliatzen diren gizakiek batzuetan ez dute erabilera ona egiten. Informazio eta komunikazio garai honetan, edonoren eskura dago nahi beste informazio eta datu; «Interneten denetarik dago», esan ohi da. Baina babestu beharreko informazioa eta informazio pribatua ere askotan teknologia horien eskura gelditzen da, informazio horren jabeak jakin gabe edo baimenik gabe.

Internet eta informatika enpresa erraldoiak

Beste batzuetan esan den bezala, sare sozialek beren erabiltzaileen inguruko informazio itzela gordetzen dute: erabiltzaileen datuak, gogoetak, egoerak, argazkiak, bideoak, loturak, ezagunak eta harremanak gordetzen dituzte, esaterako. Erabiltzaileen kokapena ere gordetzen dute askotan. Adibidez, Facebook asko kritikatu dute azkenaldi honetan, erabiltzaileen pribatutasuna behar beste ez zaintzeagatik.

Zer esanik ez Googleren inguruan: ia mundu osoko Internet erabiltzaileen kopuru izugarri baten bilaketak, bisitatutako webguneak, gustuak, mezu elektronikoak, harremanak, gogoko lekuak, dokumentuak, hitzorduak, gogoko artikuluak eta abarreko datuak gordetzen ditu. Era berean, erabiltzaileen ohitura digitalak eta noiz eta zenbat denboraz konektatuta dauden ere jakin lezake. Horrez gain, egun, sakelako telefonoetarako Android ere, Googleren sistema eragilea, oso hedatuta dago; beraz, norbera non dagoen ere jakin lezake, nahiz eta telefonoaren GPSa itzalia izan.

Hala ere, informazio hori guztia oso delikatua eta erakargarria izan arren, sare sozialen kasuan batez ere, nolabait erabiltzaileek ematen duten informazioa da. Nahiz eta askotan ez erabat jabetu ematen ari den informazio guztiaz. Baina, batzuetan, erabiltzailearen baimenik gabe eskuratu ahal izaten da informazioa. Hain zuzen ere, malware kopuru handi bat horretarako garatzen da, troiatarrak, spywarea, phishing teknikak. Alabaina, malwaretzat jotzen ez diren aplikazio eta sistema eragileek ere erabiltzailearen baimenik gabe zurrupatu ahal dute informazio pribatua. Erabiltzaileak aplikazioa helburu jakin baterako erabil dezake, eta aplikazio horrek ere beste gauza batzuk ere egin ditzake ezkutuan. Adibidez, musika entzuteko aplikazio batek erabiltzaileak entzuten duen musikaren inguruko informazioa bidal liezaioke enpresa edo pertsona jakin bati. Mesfidantza edo zurrumurru hori informatika erabiltzaileen artean hedatu da hainbat alditan, informatika enpresa erraldoien aplikazio eta sistemen inguruan, baina ezer frogatu gabe. Hala ere, hori ez dela gertatzen frogatzea errazagoa da software librean software itxian baino, aplikazio eta sistema libreetan zehatz-mehatz zer egiten den azter daitekeelako.

Echelon

Espioitza digitala aipatutakoan, Echelon izena etorriko zaio burura jende askori. Izan ere, Echelon nazioarteko espioitza sarerik handiena kontsideratzen da. Hain zuzen ere, sare hori irrati, telefono, fax eta Internet komunikazioak zurrupatzeko eta automatikoki aztertzeko gai da. AEBek, Erresuma Batuak, Kanadak, Australiak eta Zeelanda Berriak kontrolatua omen da. Echelon 1976. urtean aipatu zen lehen aldiz jendaurrean. Hona hemen informazio gehiago: http://eu.wikipedia.org/wiki/ECHELON.

Rfid

Espiotza digitalaren inguruan aipa daitekeen beste gai bat Rfid txipa da. Rfid siglak Radio Frequency Identification esan nahi du ingelesez; alegia, irrati maiztasunaren bidezko identifikazioa. Edozein motatako objektuak irrati maiztasunaz identifikatzeko sistema da, uhinen bitartez; hau da, kontaktu zuzenik gabe.

Rfid txartelen tamaina txiki-txikiari esker, lekurik ezkutuenetan ezar daitezke, eta eramangarriak dira. Itsasteko baten itxura dute, eta itsatekoaren barnean espiral moduko bat ikus daiteke: hori Rfiden antena da. Espiral hori konektatuta dago erdian dagoen Rfiden txiparekin. Egun, leku eta artikulu askotan erabiltzen da, eta Euskal Herriko edozein merkataritza zentrotako produktuetan ikus daiteke. Artikuluei jartzen zaien Rfid horrek modua ematen du lapurretez ohartarazteko eta stock eta produktuen kokapena automatizatzeko, esaterako.

Alabaina, Rfid sistemekin, posible da merkataritza ikerketak egitea, erosleen jarraipena egitea eta kontsumitzaileen ohiturak aztertzea, bezeroaren inolako baimenik gabe.

Rfid teknologia hori, merkataritza produktuetan ez ezik, beste objektu are delikatuagoetan ere txerta daiteke; pasaporteetan, nortasun agiri elektronikoetan eta billeteetan, esaterako. Hemen ikus daiteke informazio gehiago:http://eu.wikipedia.org/wiki/RFID.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.