Nork ez du inoiz amets egin esploratzaile izatearekin? Lurralde eta bazter urrun eta ezezagunak gertuko sentitzea amestu? Munduko atlasa esku artean hartu eta bateko edo besteko kolorea duten herrialdeak nolakoak ote diren irudikatu? Ehun urte dira Manuel Iradier esploratzaile eta bidaiaria hil zela(Gasteiz, 1854-1911), eta, mendeurrenaren harira, ekitaldi sorta zabala antolatu dute Gasteiz jaioterrian, haren ibilbidea ezagutzera emateko. Esploraziorako ametsa egia bihurtu zuen Iradierrek XIX. mendearen azken erdian Afrika urrunera bi bidaia eginda.
Nerabea zenetik izan zuen Afrika ezagutzeko grina; orduko Afrikako mapa zehaztugabeek zituzten zuriuneek zer ezkutatzen zuten jakin eta jakinarazi nahi zuen. Hamalau urterekin, Gasteizko Circulo Vitoriano elkartean ezagutarazi zizkien bere asmoak hainbat herritarrei: Afrika hegotik iparraldera gurutzatu nahi zuen, Lurmutur Hiritik Tripolira. Hamalau urte zituen artean, eta nerabezaroko haizeak zirela pentsatuko zuten askok, asmo handia baitzen hori garai hartarako, ezinezkoa ia, eta ez zuen gauzatzerik izan. Afrikara, baina, bitan bidaiatu zuen. «Izen, ospe eta entzute aldetik, Euskal Herrian izan den esploratzailerik handienetakoa izan zen. Ameslaria ere bai, eta ametsak bete zituen pertsona», laburbildu du Iradierren ibilia Ramon Olasagastik, Manuel Iradier, Afrikako arimaren esploratzailea biografiaren egileak.
Nondik zetorkion hain gaztetatik esploraziorako grina? Olasagastik badu erantzuna: «Leku eta garai egokian jaio zen, Gasteizen esploraziorako pizkunde moduko bat izan zelako. Kultur giroa pil-pilean zegoen hirian, eta gaztetatik murgildu zen Iradier kultur giro horretan». Institutuan ikasten ari zela lagun talde ipurterrea elkartu zen. Hasi ziren pixkanaka Arabako mendietan ibilalditxoak egiten eta zientziarekiko eta naturarekiko jakin-mina pizten. Gerora iritsi zitzaizkion Speke, Burton, Livingston eta beste hainbat esploratzaile handiren liburuak. Piztu zitzaion esplorazio sugarra.
Gazte aurkeztu zituen asmoak, eta gazte gauzatu zuen ametsa. «Hogei urte bete berriak zituela abiatu zen Afrikara, eta garai hartan ezohikoak ziren baldintza batzuetan joan zen. Esplorazio bidaiak —Alemaniatik, Belgikatik edo Erresuma Batutik antolatutakoak, esaterako— elkarte geografikoek antolatzen zituzten, gobernuen babesarekin eta bitarteko askorekin. Iradierrek ez zuen halakorik izan. Horri balioa eman behar zaio», dio Olasagastik. Henry Morton Stanley kazetari eta esploratzaile ezagunak eman zion azken aholkua Iradierri, Gasteizera Bigarren Gerra Karlista zela-eta etorri zenean: Gineako Golkotik, Espainiaren jabegoko lurraldeetatik abia zezala esplorazioa.
Emaztearekin eta koinatarekin
Ekuatore Gineara egindako lehenengo bidaia 1874an hasi zuten Iradierrek, Isabel Urkiola emazteak eta Teresa koinatak. Hamar mila pezeta bildu, eta ia hiru urteko bidaia egin zuten Muni ibaiaren inguruko lurraldeetan. Utamboni ibaia, Corisco eta Elobey Handia uharteak, Inguinna eta San Juaneko lurmuturra, Paluviole eta Cristaleko mendilerroak zeharkatu zituzten, eta Venga, Itemu, Viko eta Pamu herriak ezagutu. Ilunak argiak adina izan ziren, ordea, eta Isabel alaba jaio berria bidaia bukatu baino lehen hil zen.
Garaikide zituen esploratzaile askoren aldean, Iradier ez zuen Afrikaren konkistak erakarri, jakin-minak baizik. «Europarrek bereganatu nahi zuten lurralde zabala zen Afrika; hango aberastasunak bere egin nahi zituen gizon zuriak, konkistatu. Esploratzaile askok ikuskera hori zuten, baina Manuel Iradier hango lurraldeak ezagutu, kartografiatu, tribuen hizkuntzak eta kultura jaso eta ikasten saiatu zen, Muni ibaian gora barneratuta».
Bere garaiko gizona zen, ordea, eta Afrikarekin inguruko aurreiritziak barneratuak zituen Iradierrek. «Afrika basatien lurraldea zela uste zuen. Gizon zuri jakintsuaren zantzuak bazituen, baina, denborarekin, aurreiritzi eta basati usteko haiek lezio batzuk eman zizkioten, eta idatzia utzi zuen nahiago zuela Afrikako tribu beltzetan egon, Europako gizon txuri zuriekin baino».
Afrika esploratzeko sukarrak bestelako sukarrik ere ekarri zion Iradierri. Bidaian jasandako gaixoaldietatik ez zen erabat inoiz osatu, eta Isabel emaztearekin bidaian hasitako harremanaren etena erabat hautsi zen itzuleran. Bidaiaren aitortza txikienik ere ez zuen jaso: «Handik eta hemendik hitzaldi batzuk egin eta idatzi batzuk utzi zituen, baina aitortzarik jaso ez».
Lurralde urrun haietara itzultzeko grinari eutsi zion, ordea. Afrika odolusten ari ziren Europako indar kolonialak, eta Espainiak ez zuen beste hainbat herrialdek adina indar jarri horretan, bazuen-eta nahiko lan barne gatazkak baretzen. Gineako jabegoei eusteko misioa hartuta joan zen Afrikara Iradier 1884an, Amado Osorio medikua bidaide zuela.
Lehenengo bidaiatik bigarrenerako tarte batetik bestera egin zuen, norabide garbirik gabe. Eta bigarrenetik itzulitakoan ere halamoduz ibili zen. «Nahiko ernegatuta itzuli zen; ez zen gustura itzuli. Afrikara nola edo ahala joan nahi zuen, eta Espainiaren bandera tribuz tribu paratzen saiatu ziren Osorio eta biak, dirua eskainiz». Nahi baino lehenago itzuli zen sukarrak jota, eta orduan laudorioak eta kritikak jaso zituen misioa behar bezala bete zuela eta ez zuela iritzi ziotenen aldetik.
Afrikak minak eta pozak eman zizkion; bizitzak, berriz, penak pozak baino gehiago. Osasun eta diru arazoak izan zituen Iradierrek, baina arrastoa uzteko saioari ez zion muzin egin. «Inprenta eta argazkigintza asmakizun batzuk egin zituen, baina ez zuten arrakastarik lortu». Halakoetan gertatu ohi denez, aitortza hil ondoren iritsi zitzaion Iradierri.
Ezarian. Manuel Iradier hil zeneko mendeurrena
Esploratzaile eta ameslari
Ehun urte dira Manuel Iradier abenturazale gasteiztarra hil zela. Afrika urruna ezagutu eta ezagutarazteko ametsa bete zuen XIX. mendearen bigarren erdian, Muni ibaiaren lurraldean ia hiru urteko bidaia eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu