Kirol ikuspegia dute egun Antartikara antolatzen diren espedizioetako askok, baina zientzialari eta ikerlarien eremua da, batez ere, kontinente izoztua. Bestelakoak izaten ziren XIX. eta XX. mendeetan hara joateko esploratzaile aitzindariek zituzten pizgarriak. Itsasgizonak ziren, zientzialariak, abenturazaleak... ezaugarri askotariko jendea. Abenduaren 14an beteko dira 100 urte Roald Amundsen buru zuen espedizioa hego polora iritsi zela. Hilabete pasatxora heldu zen Robert Scott hegoalderen dagoen Lurreko puntura, 1912ko urtarrilaren 17an. Nor aurrena iritsi sortutako lasterketa Norvegiak irabazi zuen, eta hego polora iritsiagatik ere, erabateko porrota izan zen espedizioa Scottentzat: itzulerakoan hil egin ziren taldekide guztiak.
Ezaugarri eta estrategia desberdinak izan zituzten bi espedizioek. Amundsenek eta haren kideek zakur leren laguntzarekin osatu zuten zeharkaldia; Scottek, berriz, zaldi mongoliarrak aukeratu zituen. Animalien aukeraketa izan zen giltzarrietako bat. Zakurretako batzuk hego polora iritsi aurretik sakrifikatu zituzten norvegiarrek, eta haragia itzulerarako gorde zuten, biltegietan. Scotten zaldiek jatekoa gainean zeramaten, eta zama gehiago eramateak elurretan hondoratzea zekarren. Pixkanaka, zaldiak hil egin ziren, eta haien ondotik espediziokideak, Scott tartean.
Hiru urteko iraupena izaten zuten garaiko espedizioek. 1910eko ekainean abiatu zen Amundsen Antartikarantz. Hego polora iristea zuten helburua. Nabigatzen hilabeteak eman ondoren, 1911ko urtarrilean iritsi ziren kontinentera. Kanpalekua prestatu, eta handik abiatu zuten hego polora eraman zituen zeharkaldia. Scottek, berriz, ikerketa espediziotzat ere bazuen bidaia. Bi taldeak leku desberdinetatik irten ziren.
«Hego poloa begi bistan dugu; Lurraren ardatzaren karranka-hotsa entzun dezakegu, ia-ia», idatzi zuen Amundsenek egunerokoan. 1911ko abenduaren 14a zen. Hilabete patsatxora iritsi zen Scotten taldea. Orduan jakin zuten Amundsen aurreratu egin zitzaiela. Norvegiako banderak eta kanpadenda batek adierazten zuten hantxe egon zirela norvegiarrak.
Esplorazio, lasterketa eta tragedien lekuko
Ehun urte beteko dira abenduaren 14an Roald Amundsen hego polora iritsi zenetik. Robert Scottek eta biek izan zuten 'lasterketa' sonatua izan zen oso. Amundsen izan zen aurrenekoa, eta hilabete geroago heldu zen Scott; itzuleran espediziokide guztiak hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu