Mexikon, «bai noski» edo «jakina» esateko, badute esamolde bitxi bat: «Abuelita de Batman». Baieztapen horretatik abiatuta idatzi zuen Alejandro Licona drama idazle mexikarrak Abuelita de Batman izeneko kritika soziala. Gaur, Ondarroako Kafe Antzokian, Banarte antzerki taldeak taula gainera aterako du lan hori, Eva Guerrerok zuzenduta.
Egungo gizarteko balioen gaineko komedia kritikoa da. Hainbat estereotipo islatzen ditu, egunerokoan ohikoak diren zenbait egoera aitzakiatzat hartuta. Aurpegian irribarrea sortu eta buruan hausnarketa eragitea du helburu antzezlanak. Obra bost koadrotan banatzen da: Baretasuna eta pazientzia, Sidahata, Orduan izango gara zoriontsu, Esandakoak esandako maite nauzu eta Garai modernoak. Izenburu bakoitzaren atzean bost balio daude, besteak beste, norberekoikeria, gezurra, asmo txarra, engainua eta pragmatismoa.
Javier Obregonek zuzendu du antzezlan horretako eszenografia, eta Aitor Coello piano jotzailearen zuzeneko musikak emozioz betetzen du bigarren plano hori. Banarte antzerki taldearen Vuelve bigotillo vuelve azkeneko lanak oso harrera ona izan zuen ikus-entzuleen artean, eta proiektu berriarekin ere emaitzak errepikatuko direlakoan daude.
'ABUELITA DE BATMAN'
Noiz. Gaur, 19:30ean.
Non. Ondarroako Kafe Antzokian.
Estereotipoen kritika soziala
Alejandro Lico mexikarrak idatzitako 'Abuelita de Batman' komedia antzeztuko dute gaur Ondarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu