Maratila
Estratagemak
Bigarren mendea. Erroman. Lucius Verus Barbaroen kontra egin gogo duen gerlaren prestatzen ari da. Gerla irabazi nahiko luke. Gauzak horrela, haren abokatua den Mazedoniako Polyaeneusek hari eta Marco Aureliori testu bat, zortzi zatitan banatua, eskaintzen die: Strategica (edo Strategemata). Polyaeneusek antigoaleko Grezian bidaiarazten du irakurlea, Egeoko itsas bazterretarik Indiako kostaldeetaraino. Orienteko buruzagiek, leiendetako printzeek boterearen konkistatzeko (edo boterearen atxikitzeko) erabili izan zituzten trukuak aipatzen ditu. Tranpetan ez erortzeko aurkitu izan zituzten sistemak ere. Antizipatu, disimulatu, kondizionatu, gordean atxiki, etsenplua eman, tranpan erorarazi, inpresionatu, dibiditu eta bereizarazi… Eta last but not least: deskreditatu. Deskreditatzea arma efikaza da boterea lortu (edo atxiki) nahi duenarentzat. Beha zer egin zuen Sirakusako tiranoa zen Hieron II-k Italiako gerletan. Kontuz ibiltzen zen presoekin, adibidez. Presoen artean harentzat etsai handienak zirenak bereizten zituen eta ezin hobeki tratatzen. Atxikitzen zituen bere ondoan luzaz. Estimu izigarria erakusten zien. Gero libratzen zituen... Ordea, Hieron II-k liberatu preso inportante horiek beren herrietan ja sospetxagarriak bilakatuak ziren. Hieron II-renganik ukan zuten tratu hain onagatik preseski. Herrikoek uste baitzuten Hieron II-rekin sekretuzko tratatuak eginak zituztela azpiz preso horiek… Idem, Agesilasek bere etsaien eliminatzeko erabiltzen zuen teknika aipagarria da. Agesilasek negoziatu nahi zuelarik, etsai inportanteenekin zuzenean tratatzea eskatzen zuen. Bere etsaiekin bateratzen zelarik etxera gomitatzen zituen, haiekin egoten zen ahal bezainbat luzaz.Eta errazten zituen horrela planifikatuak zituen erreboluzioak. Kontutan hartuz deskreditatzeko badirela beste hamar molde edo truku. Hemen aipatzen ez direnak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu