Estreinako danbor hotsak

Kale Lagunak elkartea Donostiako danborradan aterako da lehen aldiz. Parte Zaharreko betiko lagun taldeak San Sebastian egunean elkarrekin ateratzeko ametsa beteko du.

Orixe ikastolan elkartzen dira Kale Lagunak konpainiako kideak, entseguak egiteko. Bihar egingo dute entsegu orokorra. JON URBE/ ARP.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hockey stickak denbora batez alboratu, eta haien ordez danborradako makilak hartuta dabiltza egunotan Kale Lagunak hockey taldeko kideak. Estreinakoz aterako dira aurten danborradan, «ilusio eta gogoz beterik».

Nabaria da Donostiako egun handiaren hurbiltasuna Parte Zaharrean; batez ere, iluntzean. Danborra zorroan gordeta bizkarrean daramatela, hara eta hona dabil jendea entseguetarako bidean. Parte Zaharreko hamaika elkartetatik danborren burrunbek estaltzen dituzte kaleak.

Parte Zaharreko Orixe ikastolan egiten dituzte danborradarako proba saioak Kale Lagunak elkarteko kideek, Urgull mendiaren magalean. «Orixe eta Los Angeles ikastoletan ikasitako jendeak osatzen dugu elkartea», azaldu du Iker Freijido hockey taldeko eta danborrada konpainiako kideak.

«Ederra izango da, txikitako lagunak eta Parte Zaharreko belaunaldi ugaritako jendea elkartzen baikara konpainian. Ikusmin handia dago», gaineratu du Diego Estebanez konpainiako zuzendarietako batek. Estreinak ez dio urduritasunik eragiten, barne-barnean baitarama danborrada. Ez alferrik jo du 30 urtez danborra San Sebastian egunean.

Lehen Los Angeles konpainiarekin ateratzen ziren denak; baina ikastola itxi, eta danborradarik gabe geratu ziren. «Arazoa da danborradan denak batera ateratzeko elkarterik ez genuela. Aitarekin beste konpainia batean ateratzen zinen, edo ezer ez», dio Freijidok.

Iragan urteko urtarrilean Donostiako Udalak Parte Zaharrean beste konpainia batentzako lekua zegoela esan, eta ez zuten zalantzarik izan hockey zaleek. Luze gabe, zerrenda jendetsua osatzea lortu zuten. «204 lagun gara konpainian, Parte Zaharreko konpainiarik jendetsuena izango gara», esan du Estebanezek. Beste 40 lagun inguru geratu dira zerrendaz kanpo.

Abenduaren 22an hasi ziren entseguak egiten. Normalean sei entsegu aski izango liratekeela azaldu dute, baina lehenengo aldia izanik 14 egingo dituzte. Bihar arratsaldean egingo dute entsegu orokorra, Orixe ikastolan.

Konstituzio plazatik ekingo dio Kale Lagunak konpainiak danborradari, ostiral eguerdian. Sarriegiren eta beste martxen doinuen erritmoan astinduko dituzte danborrak kalez kale, lau orduz. Orotara, 49 danbor eta 150 upel izango dira.

Adiskidetasuna oinarri

Zorigaiztoko gertaera baten ondotik sortu zuten Kale Lagunak hockey taldea orain hamar urte. Aitor Natal Kale gaztea hil, eta haren omenez hockey taldea sortu zuten. Hockey jokalari eta zaleak ziren Kale eta haren lagunak, baina ordura arte talde ezberdinetan jokatzen zuten.

Hamar urte horietan aski ezaguna egin da hockey taldea. Lehenengo maila nazionalean jokatzen dute, eta lehenengo hiru postuetan sailkatu ohi dira. Ohorezko B mailara igotzeko helburuari tinko eutsi nahi diote aurten.

Hockeyak Donostian erroak bota ditu, eta eskola garaian hasten dira jokatzen gaztetxoenak. Halaxe piztu zitzaien kirol horrekiko zaletasuna Kale Lagunak-en sortzaileei. «Kirol osoa da, eta bidaiatzeko aukera ugari ematen du», dio Freijidok. Harrobiak taldearen jarraitutasunean duen garrantziaren jakitun, Santo Tomas lizeoko gaztexoen taldeak entrenatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.