Bilboko Aste Nagusia

Estresa festen bezperan

Bilbotarrek gaur emango diote hasiera Aste Nagusiari. Aste osoan aritu dira lanean konpartsakideak, gaurko dena prest izateko; muntatze eta apaintze lanak egin dituzte jaien bezperan.

Erantzun feminista. Hainbat konpartsakidek aurkeztu dituzte txosnetan jai parekide eta feministak aldarrikatuko dituzten kartelak. MARISOL RAMIREZ / @FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Mailuen, zerra elektrikoen eta soinu proben hotsak inguratuta zebiltzan atzo ehunka gazte konpartsen prestaketari akabera ematen Bilboko Areatzan. Asko kanpoko apainketak bukatzen; beste batzuk, oraindik, aldamio gainean panelak jartzen, festa hasteko ordu gutxi batzuen faltan.

Gazteak dira konpartsakide gehienak, baina badira heldu eta nagusiagoak ere haien artean; batzuek, hamarkadetako esperientziarekin. Ondotik, hornitzaileak, turistak eta erretiratuak. Batzuk, begira; beste batzuk, lanean, eta, azken batzuk, indiferentziaz paseatzen. Betiko legez, konpartsa guztiek daukate salaketaren edota erreibindikazioren bat beren horma eta paneletan.

Hornitzaileen furgonetak eta kamioiak aurrera eta atzera dabiltza Areatzan; dozenaka garraiolari orgak jaisten eta banaketa egiten ari dira, datozen egunei hozkailuak behar bezala beteta ekiteko.

Txosnak apaintzea ez da kontu berria, baina askotan harritzen dute diseinu apurtzaile, lotsagabe eta, batez ere, landuek. Tartean badira kanpokoari garrantzirik ematen ez diotenak ere; dekorazio xumearekin konformatzen dira haiek.

Aurten marrazkien jopuntuan daude Miarritzen egingo den G7koen bilera, Trump, banketxeak eta Espainiako sistema judiziala, politikoa eta espetxeetakoa. Aldarrikapenetan, berriz, nagusi dira feminismoa, LGTBI komunitatearen aldeko leloak, Altsasukoen auzia, 47ak Herrian plataformarekiko elkartasuna eta amnistia eskatzen dutenak. Trikimailu konpartsak Euskal Herriko emakume garrantzitsuen aldeko deia eta galdera bat jarri ditu: «Zenbat kale ezagutzen dituzu emakume baten izena dutenak?».

Dena «ia prest»

Batzuk estresatuta dabiltza lanean, dena prest utzi nahian. «Muntaketarena eromena da». Aurreko asteko ostiraletik dabil Luzie Azpitarte Hor Dago Abante konpartsaren prestaketan. Txupinazoaren bezperan amaitu barik dago oraindik; goizean pintzelekin margotu dute barra. «Amaitu, amaituko dugu, kontua da zertzeladak eta falta direla», esan du Azpitartek umore onez, baina pazientzia gutxirekin, sakelakoa begiratzen eta aginduak ematen dituen bitartean.

Hontzak konpartsakoak ere antzera dabiltza: bakarrenetakoak dira oraindik apaingarririk ez daukatenak. Dena hain zuri, non batek pentsa dezakeen isunik edota salaketarik ez jartzeko neurri bat dela. Inondik inora ere ez. «Ez gara isunen beldur; adierazpen askatasunaren alde gaude, eta horren babespean gure aldarrikapenak egingo ditugu», adierazi du Adrian York konpartsakideak. Duela urte bi Bilboko Elizbarrutiak eta Falange Vasco-Navarraren buruak, Jose Ignacio Irustak, salatu egin zituzten Carnicerias Vaticanas izenpean irudikatutako Kristo batengatik. Gaurtik aurrera ikusi ahalko da haien aurtengo etsaiak nortzuk diren.

«Babosoak» kanpora

Beste batzuk nahiko lasai dabiltza; apainketa eta kanpoko itxura prest dute, eta azken ukituak ematen ari dira. Trianguneko Mekauen konpartsako Iñigo Bordak aitortu du oso aurreratuta dabiltzala: «Beste urte batzuetan ibili gara zapatuan txupinazoa bota baino minutu batzuk lehenago azken ukituak ematen». Aurten, baina, maiatzean hasi ziren apainketarako panelak egiten, eta asteon kokatzea besterik ez dute izan.

Mamiki Emakumeon Konpartsa feministakoek ere herenegun ireki zezaketela esan du Lorea Uretak. Txikikeria batzuk amaitzeke, «indartsu» ikusten dute bere burua «feminismoa aldarrikatzen duen espazioa irekitzeko». Lan handia izan arren, Uretak nabarmendu du gogotsu egiten dutela muntaketa lana, harremanak estutzeko. Konpartsetako makina bat emakume bildu dira txosnetan eskegiko dituzten pankarta eta banderatxoen aurkezpenean. Horien bidez, urteotako leloa indartzen jarraituko dute: erasoak arbuiatzen eta «sexismoa, LGTBIfobia eta arrazakeriarik gabeko jaigune askea» aldarrikatzen.

Ez dute Donostiako erasoen gaineko analisi bat egin zuzenean, baina «erasorik ez erantzunik gabe» errepikatu dute hainbat bider.«Oso nazkatuta gaude. Bilbok argi izan behar du feministak oso haserre gaudela eta gure erantzuna gogorra izango dela», esan du suminduta Uretak. Hala ere, erasorik ez izateko itxaropena du: «Benetan espero dugu babosoak eta zitalak etxean geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.