Estudioetako ikasleak

Andorrako hamasei ikasle Euskal Herrian dira; artea eta produkzioa ezagutzeko bisitak egingo dituzte Gipuzkoan eta Bizkaian: Digitalak ekoizpen etxea bisitatu dute.

Maite Alustiza.
Lasarte-Oria
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Artea eta komunikazioa. Biek komunika dezakete, biak bihur daitezke arte. Koadro txuri batek hitzek bezainbeste esan dezake; hitz bakar batek kolorez beteriko artelan batek adina sentiarazi. Ikastean dago gakoa, eta horretara etorri dira Andorrako hamasei gazte Euskal Herrira.

Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Digitalak ekoizpen etxea izan zen euren lehen geldialdia atzo. Kamerak eta koadernoak atera, eta bertako langileek egiten eta esaten zutena arretaz jarraitu zuten. Ikusi eta entzun. Kontrol mahaiak, plato bat, kroma... eta 360 graduko kamera. Azken hori izan zen interes gehien piztu zuena: hamaika lentez osatutako kamera da Digitalak-eko teknologiarik berriena. Ekoizpen etxean egindako bideoak ere erakutsi zizkieten, euskaraz.

Jon Olaskoaga zen taldean euskaraz zekien bakarra. Euskaldunon Egunkaria-ko kazetaria izan zen, eta Andorrako telebistan aritu da. Egun, irakaslea da; haren hitzetan, 250 bat euskaldun daude orain Andorran: «Egun oso bat euskaraz hitz egiten pasatu izan dut; Bilboko bizilagunarekin, Iruñeko lankide batekin...». Olaskoagaren ustez, euskarareneta katalanaren artean badago berdintasunik; gaztelaniak duen eraginean, esaterako. Kalean gal ez dadin, katalana indartu nahian dabiltza Andorrako ikastetxeetan.

Euskal Herriko artea ezagutzera

Beste hezkuntza sistema bat dute Andorran, Euskal Herrian dugunaren aldean: gaztelaniazko eredua, eredu frantsesa eta Andorrako sistema. Andorrako sistema erabiltzen dute Euskal Herrian dabiltzan gazteek. Ikastetxe txikia da eurena, 30 urte besterik ez daramate lanean. Lau hizkuntzatan ematen dituzte ikasgaiak, eta, horretaz gain, hizkuntza bakoitzean trebatzeko klaseak jasotzen dituzte. Roger Mas txangoko irakasle eta eskultoreak alde onak eta txarrak ikusten dizkio horri: «Lau hizkuntza ikasiz heztea positiboa da, baina horrek lan askoz gehiago egitea eskatzen du, idatzizkoan gehienbat». Maila handia lortzen dute ikasleek, eta gehienek Bartzelona aukeratzen dute unibertsitateko ikasketak egiteko. «Frantziara joateko diru laguntza gehiago ematen badituzte ere, Bartzelonara joaten dira asko; festa asko dagoela diote», dio Masek.

Bi urte eman dituzte Euskal Herrira etortzeko bidaia prestatzen. Mas irakaslearen iritziz, herrialde oso aberasgarria da Euskal Herria, bai produkzioarekin lotutako gaiengatik, bai arte plastikoei begira ere. Artea eta komunikazioa lantzen duen batxilergoko ikasleak direnez, ikasteko asko izango dute Euskal Herrian egongo diren hiru egunetan. Ikastekoa ez ezik, lan egitekoa ere bai. Gaur Bilboko Guggenheim museoa bisitatuko dute, eta han, Alex Carrascosa artistarekin lanean ariko dira.

Bizkaia eta Gipuzkoa inguruan egingo dituzte txangoak; Txillida Leku eta Haizearen Orrazia ikustera ere joango dira. Materialek denborarekin, espazioarekin eta publikoarekin dituzten harremanak aztertuko dituzte. Andorrara itzultzean, ikasitakoa praktikan jarri beharko dute: ikastetxe ondoan duten baso batean lanean hasiko dira hamasei gazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.