Komunikazioa. Ekografiak

Eszeptikoarena (second round)

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Atzera aste batzuk egingo bagenu hemerotekan, irakurriko genuke ETB2ko Escépticos saioa hartu genuela mintzagai hemen. Lehen atala zuen saioak, eta itxura ona hartu nion hasteko: sinismen hedatuenak ezbaian jartzeko ariketa iruditu zaitzaidan, zientzia eta arrazoimenaren aldeko apustu garbia; egia frogatuarekin lerratzen zena, oinarri gabeko zurrumurruen kalterako. Sei atal joan dira orduz geroztik, eta gauzak puska batean aldatu dira.

Terapia alternatiboen lehen atal hartatik, ondoko gai hauek ukitu dituzte: astrologia, sakelako telefonoen antenak eta minbiziaren arteko balizko harremana —egiten gaitza izan omen zen atala—, estralurtarrak, aldaketa genetikoa. Azkena, iragan astelehenekoa, ezkutuko zientzia esaten zaien horien ingurukoa izan zen, magia, igarpen, mitologia eta abarren gainekoa.

Eta, hasiera batean, zientziaren izenean, arrazoimenarenean, sasiko uste, sinismen, fede oro desmuntatzeko saioa zirudiena burlarako, desakreditaziorako, erridikulizaziorako, adar jotzerako espazio izatera mugatu da. Ez dago elkarrizketarako tarterik, ez dago bestearen lekuan jartzeko, bestea ulertzeko borondaterik, ezpada bestea leku txarrean, ergelen pare uzteko nahi fermua. Murru igaroezina eraiki dute zientziaren eta arrazoibidearen aitzakian, eta bi horietatik kanpo dagoenak ez du balio, eta gainera publikoki laidoztatu behar da, telebista publikoan.

Ez diot nik saioan agertzen direnetako batzuk irrigarriak ez direnik, beren burua erretratatzen dute hemen haiek defendatzen hasi beharrik gabe. Baina irudipena daukat hori bilatzen dutela saioko arduradunek, bestearen alderik frikiena, eta ez solaskide zintzo bat, norbere usteak zalantzan jartzera irits daitekeena. Norbere eremutik milimetro bat ere mugitu nahi ez duenaren lekutik mintzo dira Escépticos saioko lagunak. Eta aitortu behar dut umore programa gisa funtziona dezakeela oraindik; orain, zientzia programa gisa herrenak ikusten dizkiot bertuteak baino gehiago.

A, gauza bat: ustez audientzia apalen ondorioz, telebistako emisioak astelehen gaueko prime time-tik ostegun gaueko late-nitgh-era aldatu dituzte, Vaya semanita-koen ostera. Baina, eta hemen dator notizia, Interneteko emisioa mantendu egin dute astelehen gauean. Hor erakutsi ausardia ekarri beharko lukete orain saiora bertara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.