AUDIENTZIAK

ETB1 kateko 17 emanaldi ikusienak kirol arlokoak izan ziren 2004an

Tele5eko '7 vidas' eta 'Los Serrano' gailendu ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

urtzi urkizu
DONOSTIA
2005eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Kirolak sekulako pisua du ETB1 kateko programazioan. TNS enpresaren 2004ko ikus-entzuleen gaineko urtekaritik atera daitekeen ondorioetako bat da; izan ere, iaz euskarazko 17 emanaldi ikusienak kirol arlokoak izan ziren. ETB1en, Reala-Real Madril eta Euskadi-Honduras futbol partidek bildu zituzten ikus-entzule gehienak, eta sailkapenean bost pilota partida datoz ondoren. 18. postura joan behar dugu kiroletakoa ez den emanaldi bat aurkitzeko: Trikitraka Trikitron saioa. 20. lekuan, berriz, Goenkale telesaileko atal bat azaltzen da, eta 23. tokian Shin Chan marrazkiak. Datu gehiago ere badaude kirolen nagusitasuna agerian jartzen dutenak. Hala, iaz astegunetan ETB1ek %4,4ko audientzia izan zuen batez beste, eta larunbatetan ehuneko hori biderkatu egin zen (%8,6).

ETB2 kateak, berriz, astegunetan %17,3ko batez bestekoa izan zuen, eta asteburuetan ehunekoa zortzi hamarreko txikiagoa izan zen. Emanaldi ikusiena Vaya semanita-ko atal bat izan zen, gaztelaniazko katean.Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5 kate pribatuko telesailen lidergoa nabarmendu behar da. Urtarriletik maiatzera bitartean, hilero ikusienak Los Serrano eta 7 vidas izan ziren. Ekainean Eurokopak hartu zien aurrea, baina uztailean berriro Los Serrano izan zen ikusiena. Abuztuan, ETB2ko De moda eta Vaya semanita-k lortu zuten emaitzarik onena. Irail, urri, azaro eta abenduan, Tele5eko 7 vidas izan zen buruan.

1997tik 2004ra, ETB1 behera

Joan den urtean, ETB1 kateak %5,3ko batez besteko audientzia izan zuen. Azken hamabi urteetako datuei begiratuz gero, euskarazko katea 1992tik 1997ra hiru puntu eta bi hamarreko igo zen, eta %7,5era iritsi. Ordutik, bi puntu eta lau hamarreko galdu ditu ETB1ek, eta egonkortu egin da.

Eguneko orduak aztertzean, euskarazko kateak goizean eta arratsaldean ditu emaitza onenak, marrazki bizidunak ematen dituzten orduetan. 14:00etatik 17:00etara eta gauerditik aurrera, berriz, katearen batez bestekoa baino txikiagoa da ikus-entzule kopurua. ETB2 kateari dagokionez, 1992an %9,4ko batez bestekoa zuen, eta hamar urtean biderkatu egin zuen ikus-entzule kopurua. Kate guztiak kontuan hartuz, azkenaldian Tele5 izan da jaun eta jabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 31 hilabete baitarama lidergoan. Bai hiru herrialde horietan bai Espainian, TVE1 kateak lehen postua galdu, eta nabarmen egin du behera azken hamarkadan.

Telebista kontsumoa ere azpimarra daiteke: 2004an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikus-entzule bakoitzak hiru ordu eta 35 minutu pasatu zituen pantaila txikiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.