Komunikazioa

ETB1ek 'Eskamak kentzen' telesaila estreinatuko du asteartean

Kontserba lantegi batean girotutako komedia bat da. Aktore protagonisten artean daude Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Karmele Larrinaga eta Itziar Atienza.

urtzi urkizu
2016ko otsailaren 17a
12:13
Entzun

K2000 eta La Competencia Producciones ekoizpen etxeek sortutako telesaila da Eskamak kentzen, Iñigo Lezertua gidoilariaren ideian oinarritua. Mutrikukoa (Gipuzkoa) da Lezertua, eta kostaldeko herri horretan grabatu dituzte telesailaren eszena asko. Miramongo estudioetan, era berean, 1.000 metro karratuko dekoratua eraiki zuten grabazioetarako —abenduaren 31n amaitu zituzten grabaketak, eta hutsik dago ordutik—.

Kostaldeko herri txiki batean, I Tre Velieri kontserba lantegiak hondoa jo du, eta jabeak lantegia ixtea erabakiko du. Langileek, baina, lantegia erosi eta kooperatiba sortuko dute. Zorpetu egingo dira, nahiz eta egoera ekonomiko txarrean egon. Horixe da telesail berriaren abiapuntua.

ETBko zuzendari Edu Barinagak azaldu duenez, telesailak itsasoarekin zerikusia duen istorio bat kontatuko du, emakumeak izango dira portagonistak eta ukitu soziala ere izango du. "Osagai guztiak ditu arrakasta izateko. Aktore taldea oso ona da, gainera". Euskal aktore ezagunak bildu dituzte telesailerako: Barbara Goenaga, Loli Astoreka, Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Karmele Larrinaga eta Itziar Atienza. Gizonezko aktoreen artean, Ramon Agirre, Alberto Berzal eta Joseba Apaolaza izango dira. Kontserba lantegian izango dira Maria Urzelai, Ainara Ortega eta Amaia Irazabal aktore gazteak ere. Karmele Larrinagak honako hau adierazi du: "Oso pozik nago. Otsailean Goenkale amaitu genuenean, ez nuen uste urrian beste telesail bat grabatzen izango nintzenik. Mutrikun bikain ibili gara". Itziar Aizpururentzat berezia izan da Mutrikun grabatzea, hangoa baitu familiaren erdia: "Telesailean amona izango naiz, amona txispaduna, gazteei aholku onak ematen dizkiena".

Euskarazko telesail berria astearte gauetan emango du ETB1ek, 22:00etan. Bigarren emanaldia ere izango du atal bakoitzak, igandetan, 21:30ean —Herri txiki, infernu handi-ren aurretik—.

Aurrera begira, ETBko zuzendariak esan du telebistak badituela baliabideak bigarren denboraldirako. "Espero dugu telesaila katearen batez besteko kuotatik, %2tik, gorago egotea". Konbentzituta azaldu da telesailaren arrakastarekin: "Batez bestekoa gainditzea erraza izango da".

ETBk azkeneko hilabete eta erdian ez du telesailik eman, Aitaren etxea-ren azkeneko atala urtarrilaren 6an eman zutenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.