«Kalitate hobea eta aurrekontu handiagoa eman nahi dizkiogu ETB1 kateari. Kezkatuta gaude ETB1en gertatu den ikusle galerarekin», adierazi zuen Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak 2009ko uztailean, kargua hartu eta egun gutxitara. Kezkatako motiboak ez dira gutxitu, datuei erreparatuz gero. EITBko zuzendaritza berria heldu zen hilabetean, 2009ko uztailean, euskarazko kateak %3,9ko ikusle kuota izan zuen. Urte eta erdi geroago, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ETB1ek %1,8ko ikusle kuota izan du. Datu hori da 2010. urtean izan zuen txikiena ekainean eta irailean. Iazko urtarrilarekin alderatuta, euskarazko kateak zortzi hamarreko gutxiago ditu.
Kirol emanaldiak alde batera utzita, ETB1eko programa gehienek ikusle datu urriak lortzen ari dira denboraldi honetan. Salbuespen gisa Goenkale har daiteke, ia astero katearen batez bestekoa bikoizten baitu. Baina fikziozko beste proiekturik ez da egun ETB1en. Go!azen eta Mugaldekoak amaitu ziren, atal gehiago egiteko aukerarik gabe. Eta EITBko zuzendaritzak ez du fikziozko proiektu berririk martxan jarri.
Azken aldian hainbat saio desagertu dira euskarazko katearen programaziotik: Wazemank, Oh Happy Day, Ordu txikitan, Bi errepidean... Aurten berrikuntza gutxi heldu dira: Arratsaldero bost orduko magazinea eta Anitzele Xabier Euzkitzeren saioa. Arratsaldero-kETB2ko Aspaldiko-k baino aurrekontu txikiagoa du, nahiz eta bikoitza iraun.
Umorea umezurtz gelditu da azkeneko hilabeteetan, baina hilaren 26an konponduko dute hori Finlandia programa berriarekin. Anjel Alkainek zuzenduko du platoko saio berria larunbat gauetan.
ETB2 kateari dagokionez, ikusle galera handia izan zuen 2009. urtean eta 2010eko lehen seihilekoan. Iazko uztailean %8,5eko kuota izan zuen. Ordutik izan ditu gorabeherak, baina urtarrilean behintzat datu horretatik gora heldu da: %8,6ko ikusle kuota. Edonola ere, kontuan hartu behar da duela urtebete hiru puntu gehiago zituela ETBko gaztelaniazko kateak.
Azkeneko hilabetean lau hamarreko irabazi ditu ETB2k. Igoera horretan eragina izan du El conquistador del fin del mundo saioa hasteak. Nahiz eta aurreko denboraldiko datuetara ez iritsi, katearen batez bestekoa bikoizten du igande gauetan.
Estreinatu dituzten beste programa batzuek ez dituzte lortu datu ikusgarriak, baina katearen eskaintzari beste itxura bat ari dira ematen.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5k jarraitzen du lider, alde handiarekin gainera. Urtarrilean %16,8ko ikusle kuota izan du.
Telebista kontsumoari dagokionez, herritar bakoitzak 256 minutu pasatu zituen egunean telebistaren aurrean, iaz hilabete berean baino hiru minutu gutxiago.
Espainian, La1 sendo
Espainian La1 da gehien ikusten den katea: %15,2ko kuota. Bigarrena Tele5 da (%13,4), eta hirugarrena, Antena3 (%11,6). Tele5 eta Cuatrori ez die on egin bat-egiteak, aurrenekoa lau hamarreko jaitsi baita, eta bigarrena, bi hamarreko. La Sextak Cuatroren batez besteko kuota bera eskuratu du: %6,3. La2 kateak sekulako jaitsiera izan zuen 2010. urtean; 2011ko lehen hilabetean lau hamarreko berreskuratu ditu, eta %2,7ko kuota izan du.
Komunikazioa
ETB1ek %1,8ko ikusle kuota izan du urtarrilean, iazko datu txarrenen pare
ETB2 kateak aurreko lau hilabeteetan baino datu hobea lortu du urtarrilean: %8,6ko ikusle kuota, EAEn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu