Ikusle datuak

ETB1ek inoizko daturik txikiena berdindu du martxoan: %1,3ko ikusle kuota

ETB3 bi hamarren hazi da, eta %0,4ko kuotara iritsi da. Goizetako eskolak harrera ona izaten ari dira.

Zuzeneko pilotarik gabe gelditu da ETB. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2020ko apirilaren 1a
13:22
Entzun

Oso hilabete txarra izan da martxoa ETB1entzat: bere historian izan duen batezbestekorik txikiena bereganatu du, %1,3. 2011ko ekainean ikusle kuota hori izan zuen –orain arte lortutako baxuena zen–. Horrenbestez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan telebista ikusten duten ehun herritarretik 1,3k baino ez du aukeratzen euskarazko kate publikoa. Izan ere, otsailarekin alderatuta, lau hamarren galdu ditu ETB1ek. Jaitsiera horretan eragina izan du azkeneko bi asteetan zuzeneko pilota jaialdirik eta beste kirol emanaldirik ez egoteak.

Aldiz, ETB2 kateak gorantz egin du nabarmen: 1,3 puntu hazi da otsailetik martxora, eta %10,5eko ikusle kuota lortu du. 2013ko otsailetik bereganatu duen daturik onena da. Batezbesteko horretan eragin handia izan du Teleberri albistegiaren gorakadak, baita El conquistador del Caribe saioaren datu onek ere.

ETB3 katea bi hamarren hazi da martxoan, eta %0,2tik %0,4ra igo da. Aste honetan martxan jarri duen Bitartean, etxetik ikasten hezkuntza saioak harrera oso ona izan du: %62,9ko ikusle kuota 4 eta 12 urte arteko haurren artean.

Telebista kontsumoari dagokionez, azkeneko hamabost egunetan gorakada handia egon da Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, martxoko lehen hamalau egunetan, herritar bakoitzak 218 minutu pasatu zituen telebista tradizionalaren aurrean; martxoaren 15etik 31ra, 300 minutura igo da kopurua (bost ordu). Igoera %37,6koa izan da, horrenbestez. Datu horretatik ondoriozta daiteke telebista kate guztietan egon dela kontsumoaren gorakada, baita ETB1en ere, baina euskarazko kateak eskaintza osoan duen ehunekoa da jaitsi dena, nahiz eta ikus-entzuleak galdu ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.