Lehiakide berriak agertzearekin batera, ETB2 katearen ikus-entzule portzentajeak behera egiten ari dira pixkanaka. Urte hasieran datuak apur bat hobetu bazituen ere, maiatzean gaztelaniazko kateak denboraldiko ehunekorik txikiena izan du: %14,3. Iazko maiatzean bederatzi hamarren gehiago zituen ETB2k, eta duela bi urteko maiatzean lau puntu eta hiru hamarren gehiago.
ETB1, berriz, lau hamarren jaitsi da apiriletik maiatzera. Baina 2007ko bigarren hilabete onena izan du maiatza: %3,8. Iazko maiatzean baino bederatzi hamarren gutxiago ditu orain euskarazko kateak.
ETB2ko katearen batez bestekotik gorako datuak lortu ditu Mi querido Klikowsky telesailak: %18,6. Vaya semanita-k (%17,6) eta Date el bote-k ere (%21) datu onak lortu dituzte. Gaueko albistegia garai batean liderra zen bere ordutegian, baina orain lehia estua du beste kate batzuetako albistegiekin. Gau askotan Tele5ko albistegia ikusi da gehien, eta egunen batean Antena3koak lortu du lehen postua.
Araban, Bizkaian era Gipuzkoan Tele5 da gehien ikusitako katea. %25,1eko batez bestekoa izan du Tele5k maiatzean, eta bigarrenak, Antena3k, bederatzi puntu eta bi hamarren gutxiago (%15,9).
ESPAINIAN TELE5K GORA EGIN DU. Espainian, Tele5 zortzi hamarren igo da eta sendotu egin du lidergoa. %20,9ko batez bestekoa izan du maiatzean Tele5k, eta %17,5ekoa Antena3ek. TVE1 kateak inoiz izandako daturik txarrenetan bigarrena izan du: %16,6. Cuatro, berriz, hiru hamarren igo da, eta bere historiako portzentajerik handiena eskuratu du: %8,1. La2 mantendu egin da (%4,5),eta La Sexta apur bat igo da (%3,5).
ETB2k denboraldiko ikus-entzule kuotarik txikiena izan du maiatzean: %14,3
ETB1ek lau hamarren galdu ditu apirileko datuarekin alderatuta, eta %3,8ko kuota izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu