Komunikazioa

ETB2ko 'Aspaldiko' magazina hilaren25ean amaituko da betiko

'A2'-ko langile gehienek antzeko saio bat egingo dute ordu berean, Vertice 360 ekoizpen etxearekin

Arantza Sinobas, Antxon Urrosolo eta Maite Esparza. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Antxon Urrosoloren bigarren etapa amaitu da ETBn. Haren ekoizpen etxeak, Sirimirik, ekoizten duen Aspaldiko edo A2 saioa hilaren 25ean bukatuko da, betiko. Hala baieztatu du Juanjo Romano programako zuzendariak.

Ordu berean, ETB2k antzeko magazin bat emango du hilaren 28tik aurrera. Lan talde berdintsuak jarraituko duela dio Romanok, baina ekoizpen etxea aldatuko da. Vertice 360 enpresak egingo du saioa, Erpin etxearen bitartez. Erpinek lotura du Eusko Jaurlaritzarekin, SPRIren bidez. Vertice 360ko presidentea Jose Maria Irisarri da, eta Carmen Basagoiti da kontseilarietako bat —Antonio Basagoiti PPko buruaren arreba—. Vertice 360k lan gutxi egin ditu ETBrako; azkenekoa Misión Lipdub lehiaketa. Espainiako kateetan, entretenimenduzko hamabi formatu ekoitzi ditu.

ETB2ko magazin berriko aurkezleen artean litekeena da Arantza Sinobasek jarraitzea. Maite Esparzak, berriz, iragarri du ez duela jarraituko arratsaldetan ETB2rako lanean.

Juanjo Romanori ez diote ezer esan bere jarraipenaren inguruan. Saio berriak zuzendari berria izango duela uste du berak. Programa berriak izenari euts diezaiokeela iradoki du egunkari batek, baina horrek arazo legalak ekar ditzazkeela eta izena aldatuko dutela uste du Romanok.

ETB2k %8,6ko ikusle kuota izan zuen urtarrilean, eta hortik gora ibili zen A2 saioa: %9ko kuota. Azkeneko egunetan, ordea,beheraka egin dute programaren datuek. Baina Romanok aitortzen duenez, saioa kentzearen arrazoiaren atzean «ETBk Urrosolo erditik kentzeko nahia dago».

Urrosolo aurkezle gisa hasi zen Aspaldiko-n, eta denboraldi honetan atzeko lana egitera pasatu zen. Saioko langileek hamaika kexu bidali zituzten ETBra, Urrosolok tratatzen zituen moduagatik. Zuzendaritzak Miramonera ahalik eta gutxiena azaltzeko eskatu zion Urrosolori. Eta hala egin zuen Eibarko kazetariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.