Oscar Terolen Uyyyyy! saioa estreinatu zela 11 hilabete beteko dira Gabonetan, eta, hain juxtu, Gabon egunean egingo dute azken programa. Bainet ekoizpen etxearekin aritu da astelehen gauetan Terol, baina ikusle datuetan ez du arrakastarik lortu. Aste honetako saioak, esate baterako, %3,4ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Miguel Angel Idigoras ETBko zuzendariak Vocento taldeko egunkari bati aitortu dion bezala, «audientziak ez du erantzun». Dena den, kirola eta umorea uztartzeko ideiarekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu du. Baita Terolekin lan egitekoa ere. Hain zuzen ere, Oscar Terol udaberrian itzuliko da ETBra, baina formatu berri batekin.
«Kirola aitzakiatzat hartuta, umorezko ikuskizun bat» egiten saiatu da Terol 11 hilabete hauetan. Baina programak ez du ikusleen oniritzia izan, eta ia gehienetan katearen batez bestekotik behera ibili da.
'Aspaldiko'-k jarraituko du
Antxon Urrosolok ekoitzitako Aspaldiko arratsaldetako magazinea urtarrilean kentzekotan ziren, baina azkenaldian gora egin du ikusle datuetan, eta azkenean kontratua berrituko diote. Urrosolo zen iaz aurkezlea, baina orain ez da agertzen. Hobeto ari da funtzionatzen Maite Esparzarekin eta Arantza Sinobasekin.
KOMUNIKAZIOA
ETB2ko 'Uyyyyy!' umore saioa hilaren 25ean amaituko da betiko
Oscar Terol aurkezle eta umoregilea datorren udaberrian itzuliko da ETBra beste formatu batekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu