ETB

ETBko erredakzio kontseiluak uste du Iñaki Anasagastiren hitzak "onartezinak" direla

Anasagastik bere blogean hitz gogorrak egin zuen ETBko berriemaile Jon Artanoren aurka. Artano "eskertuta" dago erredakzio kontseiluarekin, "azkar eta egoki" erreakzionatu duelako.

Jon Artano, Caracasen. BERRIA
urtzi urkizu
2018ko maiatzaren 24a
09:34
Entzun

Iñaki Anasagasti EAJko diputatu eta senatari ohiak bere blogean Venezuelaren inguruan idatzi zuen maiatzaren 20an, eta Jon Artano ETBko berriemailea "manipulatzailetzat" jo zuen. "Ez da ezertaz enteratzen", esan zuen kazetariaz. Agustin Otxotorena enpresaria elkarrizketatu izana modu iraingarrian salatu zuen blogean Anasagastik.

ETBko erredakzio kontseiluak nabarmendu duenez, kazetariaren kaleratzea ere eskatu du EAJko kideak. "Arrazoia: gustuko ez duen pertsona bat elkarrizketatzea". Artanok BERRIAri hala esan dio: "Otxotorena elkarrizketatu genuen urte askoan Venezuelan bizi den euskal enpresaria delako, eta herrialde hartako krisi ekonomikoaz zeresana baduelako. Software ingeniaritza diseinatzen duen enpresa batean aritzen da eta Venezuelako Gobernuak asmatu duen Petro kriptotxanponaren sorkuntzan lagundu dute".

Anasagastiren hitzak "onartezinak" direla salatu du ETBko erredakzio kontseiluak. "Kontuan hartzen badugu Anasagasti jaunak Venezuelako euskal komunitatean duen eragina, bere idatziak gure kazetariaren jardun librea eragozten du: beharrezko iturri pluralak biltzeko zailtasunak gehituz eta gatazka ireki bat bizi duen herri batean lan egiteak dakarren arriskua areagotuz".

Artanok bere lanbidearen egitekoak arrazoitu ditu: "Caracasen egin dugun egonaldian, beti eta nonnahi egiten dugun bezala, eginahalak egin ditugu EITBko ikus-entzuleei ahalik eta informazio osoena helarazteko. Krisi ekonomiko eta politiko oso gogorra bizi dute han eta jarrerak muturrekoak dira gehienean. Alde bateko zein besteko iritziak biltzen saiatu gara gu. Aurrez prestatutako plangintza ezin izan dugu osorik bete, ohikoa da hori gisa horretako koberturatan, baina egin ahal izan dugunarekin konforme itzuli gara. Gobernuaren ikuspegitik gertu dagoen analista bat elkarrizketatu genuen eta diktadura hitza hitzean eta hortzean zerabilen beste bat. Auzune chavistetan egon gara, eta esperantza oro galduta emigratzea erabaki duen jendea ere elkarrizketatu dugu… Euskal etxea ere aipagai du Anasagastik bere idatzian, bada euskal etxeko presidentearekin hizketaldi oso interesgarria ere izan genuen".

ETBko erredakzio kontseiluaren aburuz, informazioei buruzko kritikak zilegiak eta beharrezkoak dira. "Baina langile baten kontra irainak jaurtitzea eta egoera deserosoen jomugan jartzea beste gauza bat da. Anasagasti jaunaren ibilbideak izan duen eta duen dimentsioari so eginez, erantzunkizunez jokatzea eskatu nahiko genioke kazetarien jardunaren kritika egiterakoan".

Artanok nabarmendu du ETBko erredakzio kontseiluaren erantzuna "neurrikoa" iruditu zaiola: "Babestuta sentiarazi naute. Eskertuta nago". EITBko zuzendaritzak, aldiz, ez du adierazpenik egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.