Komunikazioa

ETBko oposizioei buruzko informazioa ukatu diote Administrazio Kontseiluari

EITBko Zuzendaritzak Administrazio Kontseiluan ez duela konfiantzarik dio Jose Inazio Basterretxeak

Jose Inazio Basterretxea Aralarreko ordezkaria da EITBko Administrazio Kontseiluan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Lan eskaintza publikoari buruzko informazioa ukatu zion herenegun EITBko zuzendaritzak EITBko Administrazio Kontseiluari. Hala ere, aferaz eztabaida luzea izan zen EITBko Administrazio Kontseiluko presidente Jose Inazio Basterretxeak gaurkotasun testaren kopiak kontseilarien artean banatu eta gero.

Urtarrilaren 25eko bileran ere luze eztabaidatu zuten gaiaz. Izan ere, probetara 200 lagun aurkeztu, eta 72k inpugnazioa aurkeztu zuten. Eta otsaileko bilerarako langileen ordezkarien agerraldia eskatu zuten kontseilariek. Halaber, egunerokotasunari buruzko galdetegia ezagutzea eskatu zuten hainbat kidek.

Herenegungo bileran, ordea, langileen ordezkaririk ez zuten eraman, eta galdetegia ezagutzeko aukera ukatu zien zuzendaritzak administrazio kontseiluko kideei. Esan bezala, kontseiluko presidenteak banatu behar izan zuen galdetegia. Langileen ordezkarien ordez, EITBko gerentea izan zen bileran, ere tribunaleko presidentea badena, bestalde.

Zuzendaritzaren informazio ukapenaren inguruan, Jose Inazio Basterretxearen iritziz, zuzendaritzak ez du konfiantzarik EITBko Aministrazio Kontseiluan. «Informazioa oztopatu egiten da. Gu Eusko Legebiltzarrak izendatu gaitu. Herri erakundeetako ordezkariak ere kontseiluan daude. Ez dut ulertzen zergatik dagoen konfiantza falta hori gureganako».

Oposizioko gaurkotasun testari dagokionez, Basterretxeari iruditzen zaio «estralurtarrentzat egindako test bat» dela. «Ez dago egoki pentsatua, EITBk behar duen kazetariaren profilari begira». Galderetan erdiak baino gutxiago dira Euskal Autonomia Erkidegoari buruzkoak. Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari buruzko galderarik ez dago galdetegietan. Eta Espainiako galderak gehiago dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak baino.

Probetara aurkeztu direnek inpugnatutako galderen artean gehienak legeei buruzkoak, historiari buruzkoak eta teknikari buruzkoak dira. «Zalantzazkoa da, gainera, gaurkotasun test batean historiari eta legeei buruzko galderak egin daitezkeenik».

Oposizioen prozesua «kaos» bat izan da, Basterretxearen ustez. «Azterketa berriro planteatu behar da, eta hutsetatik ikasi». Azterketaren planteamendua ez bada aldatzen, ordea, berriro kale egiteko aukera ikusten du EITBko Administrazio Kontseiluko presidenteak.

Sorturen aurkezpena

Herenegungo bileran EAJk gogor kritikatu zuen Sortu alderdiaren aurkezpen egunean ETBk albisteari eman zion tratamendu informatiboa. Ordezkari jeltzaleek eta sozialistek eztabaida sutsua izan zuten egun horretako informazioaren gainean. EITBko Zuzendaritzak laster erantzun ofiziala emango dio gaiaz EAJri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.