OCU kontsumitzaileen elkarteak #etiquetastrampa (etiketa tranpatiak) kanpaina du abian. «Etiketa batzuek gezurra esaten digute: gauza bat duela adierazten dute, baina beste bat dute», adierazi du elkartearen eledun Enrique Garciak.
Idi haragia
Behi zaharra da askotan. «Legearen arabera, idi bat, zikiraturiko lau urteko aberea da. Baina oso gutxi dago, oso produkzio txikia eta garestia da. Idi txuleta menu batean saltzen dizutenean, litekeena da behi zaharra izatea», esan du Garciak. «Goxoa izango da, baina ez da idia».
Nektarra ez da zukua
Erdia, ur azukreduna. Nektarra ez da zukua, baizik eta %50 zuku, ur azukredunarekin nahastuta. Eta, halere, itxura berarekin saltzen dutela salatu du OCUk. «Begiratu etiketari, ez argazkiari», ohartarazi dute.
Hanburgerrerako txikitua
Patata eta sulfitoak. Haragi txikituko ontzi gehienetan %65-90 artean da haragia, OCUren arabera. Gainerakoa loditzaileak, almidoiak, kontserbanteak eta koloranteak dira. «Fekula —hau da, patata— erosten ari zara haragiaren prezioan». Sulfitoak erabiltzen dituztela salatu du Garciak, «itxura hobea emateko». Derrigorrez idatzi behar dute sulfitoak dituela, alergia sor dezaketelako. «Atzean dator, ordea», esan du Garciak.
York urdaiazpikoa
Zerriaren beste zatiak. OCUk salatu duenez, York izendapenarekin saltzen diren produktu asko ez dira urdaiazpikoa, baizik eta zerriaren beste atal «eskasago eta merkeago» batzuk. «Gauza da York-a eta beste bat urdaiazpiko egosia. Buelta eman behar diozu ontziari jakiteko», esan du Garciak.
Gratinatzeko birrindua,sandwicherako xaflak
Ez dira gazta. Esnekiak dira, landare koipeekin nahastuta, gazta baino merkeagoak direlako, OCUren arabera. Ez dira benetako gaztabezain erraz biguntzen, eta erre egiten dira gratinatzean.
Txibiaren itxurako pota
Irudiarekin jolasten. Espezie bat beste baten izenean saltzea iruzurra da, baina, industriek, normalean, itxurarekin jokatzen dute, legea ez hausteko. Arrautza-irinetan pasatzeko eraztunak saltzen dituzte, txibiaren itxurarekin, baina pota da: handiagoa eta zakarragoa, urarekin eta fosfatoekin tratatuta, biguntzeko, OCUren arabera. «Legearen mugan ibiltzen dira», dio Garciak. «Etiketen tamaina handitzeko eskatzen ari gara etengabe, informazio eskubidea bermatzeko».
ETIKETA TRANPATIAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu