Etorkizuneko farolen probaleku

Azken belaunaldiko farol berriztagarrien eraginkortasuna probatzeko, Euskal Herria aukeratu dute: Urnietan, eguzki izpiekin dabiltzan hamabi kale-argi jarri dituzte.

Urnietako trenbide ondoko aparlekuko farolek eguzki energia erabiliz argitzen dute. XABIER MARTIN.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Kutsadurari eta klima aldaketari aurre egiteko gakoa energia berriztagarrietan dagoela diote adituek. Are gehiago da diotena horrela, kontuan hartzen bada petrolio eta gas erreserbak urritzen doazela denbora iragan ahala. Etorkizuneko hiriak energia kontsumoarekiko independenteak izango omen dira, hau da, kontsumitzen duten energia sortzeko gai izango dira. Hiri ekologiko horiek ikusteko asko itxaron beharko bada ere,eguzki energia erabiltzen duten farolak ezartzeko probak egiten hasi dira jada. Inovus Solar AEBetako enpresa da farol berriztagarri horiek egiten dituzten punta-puntako enpresetako bat. Azken belaunaldiko eguzki farolak ekoitzi ditu, eta Euskal Herrian jada probatzen hasi dira horien eraginkortasuna.

Urnietako herria (Gipuzkoa) izan da kaleak argitzeko eguzki energia erabiltzen duten argi horiekin probak egiten lehena. Renfeko trenbide ondoan egin duten aparkalekuan horrelako hamabi farol jarri dituzte.

Kale-argi horien berezitasuna da eguzkiaren energia xurgatzen duten plakak zutoinean itsatsiak daudela, farolaren azala balira bezala. 2,2 metro karratuko panela erabiltzen dute, eta beste farol tradizionalen itxura antzekoa dute. Mikel Eizagirre Urnietako alkateak azaldu duenez, farol horiek argiaren indarra erregulatzen duen ordenagailu txiki bat dute. Horrela, gaueko orduetan, pertsona gutxiago ibiltzen direnean, argiaren indarra gutxitu egiten da eta energia aurrezten.

Euskal Herria ez da bereziki lurralde eguzkitsua. Eguzki farolek arrakasta izateko, derrigorrezkoa dute bateriek eguzki izpirik gabeko egunetan argitzeko energia izatea. Bateria osorik dagoenean, zazpi egunez argitu dezake plakek inongo argi izpirik jaso gabe. Udako egun batean hiru egun eta erdietan erabili ahal izateko energia xurga dezakete eguzki plakek.

Gustura azaldu da alkatea farolen funtzionamenduarekin, eta Zabaleta auzoan egingo den aparkaleku berrian beste sei jarriko dituztela iragarri du.

Mugak

Hala ere, Urnietako alkateak aitortu du kale-argi horiek mugak dituztela. Zuhaitzez eta eraikinez garbi dagoen leku batean kokatu behar dira, plakak itzalpean egon ez daitezen. «Herri bueltako inguruetan, industrialdeetan eta landa eremuetan ipintzeko egokiak dira. Beste farolek baino indar apalagoa dute, baina oinez ibili ahal izateko argi nahikoa egiten dute. Ez dira hiriko etorbide bat argitzeko».

Miguel Martin Inovus Solar etxeko Europako ordezkariaren esanetan, euren asmoa ez da kale-argi konbentzionalekin lehiatzea. «AEBetan bezala, Euskal Herrian landa eremu asko dago, eta ezin hobeak dira farol hauek eremu horietarako, argindar beharrik ez baitute eta, beraz, ez baita inongo kablerik pasa behar».

Boisen du, Idahoko hiriburuan, Inovus Solar etxeak egoitza nagusia. AEBetara emigratu zuten euskal diasporako gehienak eskualde horretan finkatu ziren, eta enpresako fundatzaileetako batzuk euskal jatorrikoak dira. Horrek bultzatu du produktua Europara esportatzeko bidea Euskal Herritik egitea.

Nahiz eta hasiera batean Euskal Herria ez dirudienfarol horiek probatzeko leku aproposena, Martinek azaldu du produktua egoera zailean ba ote zebilen probatu nahi zutela, ondoren Europara zabaldu ahal izateko. «Mediterraneoan probatu izan bagenu, ziur funtzionatuko zukeela».

Beste farol tradizionalak baino garestiagoak dira, baina denbora gutxiagoan amortizatu daitezke farol berriztagarriak, energia gasturik ez baitute. «Luzera begira errentagarriagoak dira, are gehiago argindarra %10 igo de- la ikusita», adierazi du Eizagirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.