Jeronimo Aianz eta Beaumont nafarra (1533-1613) bere garaiko zientzialari handienetako bat eta asmakizun askoren egilea izan zen. Asmakizun horien artean nabarmentzekoak dira lurrun makina bat eta buzo jantzi bat. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nicolas Garcia Tapia Valladolideko Unibertsitateko (Espainia) katedradunak Aianzen bizitzari eta asmakizunei buruz idatzitako liburua argitaratu du: Jerónimo Ayanz y Beaumont. Un inventor navarro (Jeronimo Aianz eta Beaumont. Asmatzaile nafar bat).
Gendulaingo Jaurerrian (Nafarroa) jaio zen Aianz. Nafarroako familia noble bateko semea zen, eta hamalau urte zituenean Filipe II.a erregearen morroi bilakatu zen Madrilgo Gortean. Gizon azkarra eta ongi hezitakoa zen, eta Industria Iraultzaren oinarri izan ziren asmakizunak «mende bat lehenago» asmatu zituela nabarmendu du Garcia Tapiak: lurrunezko makinak, pisuak, labe eredu berriak, arrabol errotak edota torlojuzko popak.
Erregearen zerbitzura lan egiteak boterea, karguak eta tituluak eman zizkion Aianzi, eta Erresumako minen administratzaile orokorra izendatu zuen. Ameriketako kolonietakoak barne, guztira 550 meatoki izan zituen bere kargu.
Meategien arduraduna izanik, meategietan lan egiteko moduak erraztu zituen eta bertako giroa hobetzeko ikerketak egin zituen. Meategian beharrean aritzeko sifoi trukagailu bat eraiki zuen,urak hartutako meatzetan hustubideak ezartzeko. Horrela, mende bat geroago definitu ziren termodinamikaren oinarriak aplikatu zituen. Aire girotuko sorgailu bat ere asmatu zuen, lurruna erabiliz, meatzetako zuloetako giro kutsatua garbitzeko. Erauzketa sistema mekaniko berriak, errotak, labeak eta gramo bat baino gutxiago pisatzeko gai ziren pisuak ere asmatu zituen. «Euliaren hanka pisatzeko gai zen pisua egin zuen», gogoratu du Garciak.
Uretan ibiltzeko tramankuluak ere asmatu zituen, tartean ur azpiko txalupa, batiskafoaren aurrekoa. Haren asmakizunen artean famatuena Pisuerga ibaian (Valladolid, Espainia) Filipe III.a erregearen begiradapean frogatu zuena izan zen. Aianzek asmatutako buzoarekin gizon bat ia ordubete egon zen hiru metrotara urperatua. Beraz, ur azpian ibiltzeko kanpaiez gain, itsaspekoaren aurrekoa izanen zena asmatu zuen.
Etorri handiko asmatzailea
Jeronimo Aianz eta Beaumont asmatzaile nafarrari buruz Nicolas Garcia Tapia katedradunak egindako liburua argitaratu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu