Jadanik existitzen ez direnez mintzo dira Iruñeko Arrosadia auzoko kartelak: iraganaz. Bar Felix, Xabier esne denda, Fina janzki egileak, Anozibar liburu denda... Horiek dira Zabontza eta Blas de Laserna kaleen inguruan irakur daitezkeen afixetariko batzuk, baina jadanik ez dago halako dendarik.
Husten joan ahala gazteek bete dituzte haietariko asko eta asko; aisialdirako lokal gisa hartu dituzte etxabeak; hiriko merkeenetarikoak dira, eta piloa daude, horregatik. Kexu dira, ordea, zenbait bizilagun. Gehiegi daudela diote, ez daudela batere erregulatuak eta zaratatsuak direla, eta idazki bat aurkeztu dute udalean, 120 sinadurarekin. Lokal horien hosgabetzea eta ordutegi eta legedi zorrotzagoa eskatu dituzte. Egunkarietara ere heldu da albistea, eta piztu egin da eztabaida. Etxabeen zarata areagotu ez den arren, handitu egin da auzoan haien inguruko zalaparta.
Bietarako jarrerak dituzte auzoko bizilagunek. Etxabeez kexu dira batzuk, baina bada kontuari gehiegizko garrantzia eman zaiola uste duenik ere. Kexu direnen arabera, tabernak ixtean, festan jarraitzeko erabiltzen dituzte gazteek beren etxabeak, eta hor sortzen da gatazka. Diotenez, asteburuetan zikinkeria pilatzen da kaleetan, lo egiteko arazoak izaten dituzte soinuagatik, eta aparkatzeko arazoak izaten dira. Horregatik, esku-hartzea eskatu diote udalari. Baina beste bizilagun batzuen ustez, ez da hori arazoa konpontzeko dagoen bide bakarra.
Hori da, adibidez, Piru Zabalzaren jarrera. Arrosadiko bizilagun elkarteko kide da bera, eta, dioenez, entzunak ditu kexak, eta ulertzen dituela dio. «Gauez edozein soinu gehiago entzuten da, eta auzo honetako eraikin gehienek nahiko horma finak izaten dituzte. Baliteke horregatik zalaparta izatea iluntzean, baina ez nuke esango taberna baten inguruan sor daitekeena baino handiagoa denik. Egia da, bestalde, auzoko gune horretan jende zahar asko bizi dela, eta isolatzaile onik gabe, ulertzekoa da eragozpenak sortzea».
Udalak esku hartzea ez da konponbidea, ordea, haren ustez. «Alde batek eta besteak elkarrekin hitz egin dezaten lagundu behar litzateke, eta udalak hartuko dituen neurriak ez dira bide horretatik etorriko: errepresiboak eta murriztaileak izango dira hartuko dituen neurriak. Oso jarrera paternalistaz jokatzen dute beti herritarrekin». Elkarrizketa da bere hitzetan bidea.
Arrosadiko AEK euskaltegiko irakaslea da Xabi Garcia, eta iritzi berekoa da bera ere. Auzoaren eta etxabeen harremana sakontzearen aldekoa. «Gure kalean, Joaquin Larreglan, zortzi bat izango dira, eta ondokoan ere antzera, baina guk ez dugu inolako arazorik». Etxabeetara ere joaten dira, gainera, ikasle bila. «Irailean matrikulazio kanpaina sasoian bisitan joaten gara etxabez etxabe, eta oso ongi hartzen gaituzte. Hala animatu da gure ikasleren bat edo beste ere euskara ikastera».
Gazteak etxabeetan biltzearen alde positiboa aipatzen du Garciak. «Aisialdia gaur egun kontsumora bideratuta dago; kolektiboak ez du garrantzirik eredu horretan, eta niri ez zait gaizki iruditzen lagun artean etxabe bat alokatu eta elkarkidetza hori lantzea». Arazoak beharrean, arazotxoak aipatzen ditu Garciak: «Egia da 18:00etatik aurrera aparkatzeko arazo gehiago izaten dela, baina kaleak zabalak dira, eta ez da pasatzeko problemarik izaten. Azken boladan, halere, etxabeen inguruko kexa horiek zabaltzearekin batera, handitu egin da poliziaren presentzia auzoko toki honetan».
Euskaltegiaren kale berean dagoen bere etxabera heldu berria da Sergio, eta hori da berak ere azkenaldian sumatu duen aldaketa nagusia: ohi baino polizia gehiago dabilela. Ez du abizenik eman nahi, baina bai iritzia: «Bizilagunen kexak gehiegizkoak direla uste dut. Kexak egunkarian agertu direnetik, polizia gehiago dabil auzoan. Lau bat patruila ibili ziren aurreko egunean, lokalen lizentzia eske eta. Arazo mordoa izaten dugu soinua dela, ez dakit zer lizentzia dela eta gisakoengatik. Nire ustez, ez da hori hartu beharreko bidea: erraztu egin behar ligukete lokal egokiak alokatzea».
Udalaren datuak
Udalak zenbakiz sostengatu du kexu diren bizilagunen iritzia. Patxi Fernandez Hiritarren Segurtasunerako Sailaren zuzendariak iazko datuak aurkeztu ditu. Dioenez, hirian beste inon baino gehiagotan parte hartu behar izaten du Poliziak Arrosadiko toki honetan etxabeekin lotutako arazoei erantzuteko. 2010ean, 87tan, adibidez. Udan, batez ere. Ofizioz aritu dira kasu horietariko batzuetan, baina bizilagunen kexaren bati erantzunez beste batzuetan.
Mendebaldean bizi da Gonzalo Goñi gaztea, baina Arrosadia auzoan du etxabea lagunekin, orain sei bat urtez geroztik. Ez du, ordea, aparteko arazorik gogoratzen. «Pare bat isun izan ditugu astebururen batean musika goregi izateagatik. Polizia etorri zen; neurketa egin zuen; emaitza jakinarazi zigun, eta isuna heldu zitzaigun, baina ez besterik. Orain aste batzuk iskanbilaren bat izan zen etxaberen batean, eta kristalen bat hautsi zen. Egia da hori, baina gu ez ginen ezertaz ohartu. Egia esan, egunez erabiltzen dugu batez ere txokoa, eta horregatik ez dugu ika-mika handirik. Larunbat eta igande goizaldeetan izaten omen den zalaparta da auzokideen kexa nagusia».
Remigio Mujika kaleko lehen solairu batean bizi dira Isabel Campos eta Angel Arnedo. Etxabe baten gainean, eta hura dagoen aldera ematen omen du, gainera, haien logelako leihoak. 80na urtetik gora badituzte, baina ez dute kexarik. «Kontraleihoak ditugu jarrita, eta lasai asko egiten dugu lo. Badugu, ordea, kexatzen den auzokiderik; diotenez, gauetako zalapartengatik ezin izaten omen dute lorik egin. Baina guk ez dugu halako problemarik».
Sofa lasterketak
Jose Ramon Mironek ere, Joaquin Larregla kaleko bizilagunak, ez omen du arazorik etxabeekin. Ez arazo handirik, behintzat. Dioenez, bakanak dira problemak, eta erdi umorez gogoratzen du haietako bat. «Udan etxabe guztiek kalera ateratzen dituzte beren sofa zaharrak, eta egun batez bi mutil aritu ziren haietako bana eskutan hartu eta bata bestearen atzetik korrika, zoroen pare. Errieta pixka bat egin behar izan nien, eta udaltzainei ere aipatu nien kexa».
Paseoan dabiltza Ignacia Ziordia, Maria Ocaña eta Mari Carmen Nuin. Arrosadiko bizilagunak dira hirurak, baina ez omen dute etxaberik beren eraikinetan. Ondoan bai. «Arazo nagusia ez dira etxabeak», diote, «taberna bat baizik. Han beti izaten dira iskanbilak. Gazteekin guk ez dugu inongo arazorik».
Oraindik ikusteko dago Iruñeko Udalak etxabeen inguruan neurririk hartuko duen edo ez. Lokalok hosgabetzea aginduko duen ala ez. Oraingoz, baina, gazteen hotsak dira garai batean hutsik gelditu ziren esne denda eta liburu dendak betetzen dituztenak.
Ezarian
Etxabeen inguruko zalaparta
Gazteek aisialdirako erabiltzen dituzten etxabeen inguruko kexa aurkeztu dute Iruñeko Arrosadia auzoko zenbait bizilagunek; beste zenbait auzokideren ustez, ordea, ez dute halako eragozpenik sortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu