Etxarteek ezkutatzen dutena...

Erdi Aroan komun gisa erabiltzen zituzten etxarteak. Gasteiz da etxarte gehien duen Euskal Herriko hiria, eta lorategi bihurtu ditu gehienak.

Gasteizko Plaza Txikiko etxartea. BERRIA
Gasteizko Plaza Txikiko etxartea. BERRIA
unai etxenausia
Gasteiz
2024ko maiatzaren 2a
05:00
Entzun

Hiribilduen arkitekturan igar daiteke zein alde zegoen klaseen artean Gasteizen Erdi Aroan. Behe klasekoak ziren leihotik kalera ura botatzen zutenak, eta hau oihukatu: «ura!». Kale Nagusira bota beharrean, etxarteetara botatzen zuten txiroen ur zikin eta zikinkeria guztia.

Erdi Aroko hiriguneko etxarteak komun gisa erabiltzen zituzten, baina zabortegi huts bihurtu ziren edateko ura eta saneamendua iritsi zirenean. Antzina, Euskal Herriko hiri zein herri handi gehienetan zeuden etxarteak, baina Gasteiz da halako gehien duen hiri nagusia. Berritu ere egin ditu, eta lorategi bihurtu, lorategi ezkutuak. Txoko historiko horiek ezezagunak dira herritar gehienentzat, eta, bisita gidatuen bidez, etxeetan urik ez zegoenean hirietan nola bizi ziren ezagut daiteke orain: hondakin organiko guztiak etxartera botatzen zituzten, eta han ur putzu bat ere izaten zen, edateko urik ez eduki arren garbitzeko balio zuena.

2007an, Gaia talde ekologistak gune horiek txukuntzeko egitasmo bat aurkeztu zion Gasteizko Udalari, eta, udal agintariek ontzat jo zutenez, beren gain hartu zituzten leku haiek berritu eta egokitzeko lanak, bizilagunen gozamenerako izan zitezen. Guztira, 21 dira. Bisita gidatuetan ezagut daitezke gehienak; lau bakarrik falta dira txukuntzeko.

Gasteizko etxarteak

Gasteizko Plaza Txikiko etxartearen sarrera. BERRIA

Etxarteen gainean bizi zirenek beren putzu eta komunak zituzten. Putzu horietako ura ez zen edateko modukoa. Garbiketarako bakarrik balio zuen, ura kutsatuta baitzegoen. Etxeek ez zuten edateko urik eduki 1900. urtera arte, ez eta ur zikinak isurtzeko instalaziorik ere. Fernando Fernandez Cibeles Gaia taldeko kidea arduratu da gehien etxarteez. «Mendez mende, ur horietarako ubideak aire zabalean zeuden, eta, horren ondorioz,  gaixotasunak sortu eta zabaltzen ziren. Gasteizen izandako 1878ko azken kolera izurriteaz geroztik, higienea zaintzeko hainbat araudi onetsi zituzten, hiria garbi mantentze aldera, eta etxarteek garrantzia galdu zuten orduan», azaldu du.

1880 eta 1900 bitartean, edateko ura Alde Zaharreko ia etxe guztietara iritsi zen, komunak instalatzen hasi ziren eta haien hustubideak etxarteetara bideratu zituzten. Etxarteak 1875etik zeuden kanalizatuta, kolera izurritearen ondorioz.

«Garrantzitsua da ondo mantentzea, eta bizilagunek eta hiriak berak eskertu dute lorategi bihurtu izana».

FERNANDO FERNANDEZ 'CIBELES' Gaia talde ekologistako kidea

XX. mende hasieran, etxarteak ixtea erabaki zuen udalak, eta, poliki-poliki, bizilagunen zabortegi bihurtzen hasi ziren, askok han botatzen zutelako zaborra. Fernandezek azaldu du ere tamaina aldetik txikitu egin zirela. «Espazio publikoa hartzen zuten legez kanpoko eraikuntzak egiten hasi ziren. Izan ere, patioak ez bezala, etxarteek hartzen duten eremua udalarena da. Etxarte askotako gune batzuetan, metro bateko edo gutxiagoko pasabidea dago orain, eraikinak berritzearen eta handitzearen ondorioz».

1970ean, haritzezko ateak burdinazko xaflaz egindakoekin ordezkatu zituen udalak, eta txukundu egin zituen etxarteak. Azken esku hartzea izan zen 2007an etxarteak berreskuratzeari ekin zioten arte: landare naturalak jarri zituzten auzokoentzat leku atsegin bilaka zitezen, beste erabilera batzuk emateaz gain. «2007tik aurrera, konturatzen hasi ziren etxarteek balio historikoa bazeukatela, eta leku hauek atseginagoak egiteko berritzea eskatu genion udalari», gehitu du Fernandezek.

Etxarteak hiriko historiaren zati bat dira Fernandezentzat. «Hiriaren parte ezkutua» badira ere, uste du txukun mantendu behar direla: «Garrantzitsua da ondo mantentzea, eta bizilagunek eta hiriak berak eskertu dute lorategi bihurtu izana». Hala ere, etxarteak mantentzea bai, baina auzokoen bizi kalitatea hobetzea izan da haren lehentasun nagusia.

Grisetik berdera

«Leihotik burua ateratzean nahiago dut hau ikusi lehengoa baino. Lorategi bat ikustea atseginagoa da». Hori da haren etxe azpiko etxartea berritu zutenetik Anuska Arbildi bizilagunak sentitzen duena. Aitortu du bizi kalitatea hobetu zaiola etxe azpiko etxartea lorategi bihurtu zutenetik. Etxarte gris zena berde-berdea da orain bizilagunentzat: «Lehen, auzokoen arropa eta eroritako jantziak bakarrik ikusten ziren behean. Katuen kakaren usaina zen nagusi, eta ez zen oso atsegina leihora irtetea. Orain, dena politagoa da, eta usain ona du».

Gasteizko Plaza txikiko etxartea. BERRIA
Gasteizko etxarteetako bat; hainbat landare mota landatzen dituzte etxarteetan. BERRIA

Gasteiz ez da, baina, etxarteak dituen Euskal Herriko hiri bakarra. Esaterako, Bilboko Erdi Aroko hiribilduetan ere aurki daitezke, nahiz eta askoz gutxiago dauden. Bilbon bezala, eraikinen berrikuntza berriek Europako hirietako Erdi Aroko Alde Zahar gehienetako etxarteak okupatu dituzte.

«Leihotik burua ateratzean nahiago dut hau ikusi lehengoa baino. Lorategi bat ikustea atseginagoa da».

ANUSKA ARBILDI Etxarte baten gaineko bizilaguna

Beraz, zergatik mantendu dituzte etxarteak Gasteizen? «Hiriaren arkitekturak zein legeek eragin dute hori», erantzun du Fernandezek. Bizilagunek lehen, agian, ez zekiten zer zeukaten, baina orain konturatzen dira daukaten zorteaz: «Txalet batean bizitzea gustatuko litzaidake, noski, baina etxarte baten ondo-ondoan bizitzea egokitu zait. Gutxienez, eskertzekoa da bizi naizen etxartea hain polita eta bakarra izatea. Mantendu egin behar dira; ez dut inoiz pentsatu estali behar direnik... eta orain are gutxiago», eskertu du Arbildik.

Bisitarientzat garbi

Etxarteak ez dira bakarrik bizilagunen paisaia atsegin bihurtu, badira ere bisitariak erakartzeko gune. Izan ere, Gasteizko turismo bulegoak, Gaia talde ekologistarekin batera, bisita gidatuak egiten ditu Alde Zaharreko etxarteetara, udan —ekainetik aurrera—, eta Poetak Maiatzean jaialdian errezitalen leku ere izaten da.

Baina etxarteak beti ez dira egoten udan bezala. Plaza Txikiaren etxartean, adibidez, landare zimelduak ikus daitezke. «Hobeto zaindu behar dira. Kontua ez da loreontziak jarri eta hor uztea bakarrik. Lehen, ez zen zorurik ikusten etxarte horretan, eta goroldioak ez zituen hormak jaten. Ondo mantendu behar dira, eta udalaren ardura da hori, nahiz eta auzotarrak eta elkartea ere horretaz arduratzen garen», kexu da Fernandez. Arbildik ere zaintzen ditu, noizbehinka. «Onartu beharra daukat nire etxe azpiko etxartea oso ondo dagoela, eta udalak nahiko ondo zaintzen duela. Baina bat natorFernandezekin: ikusi ditut askoz okerrago dauden etxarteak. Hobetu egin behar dituzte, eta eguraldiak ere eragiten du horretan».

Zailtasunak zailtasun, Gaia taldeak, auzokoekin batera, etxarte guztiak mantentzearen aldeko lanean jarraitzen du. Eta lortu dute beste bat atontzeko proiektua aurrera ateratzea, guztietan handiena, Barroi tabernatik San Frantziskoko kantoiraino doana: Lamiak etxartea. «Ez dakit noiz hasiko diren berritzen, baina oso albiste ona da berez. Historia berritu egin behar da. Elizak edo jauregiak bezala, kantoiak ere Gasteizko historiaren parte dira. Klaserik xumeenaren historiaren parte dira, garrantzi berekoak. Bizirik eta ondo mantendu behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.