Maria Ptqk (Bilbo, 1976) kultur ekintzailea da, eta abizen ziber-punka erabiltzen du duela urte asko. Soft Power, arte, zientzia eta ziberfeminismo tailerren aurtengo ekitaldia antolatu du Bilbon. Datorren astelehenetik aurrera, Introducción cultural a la biotecnología ikastaroa emango du Sarrikoko Fakultatean. Izena emateko: www.amarika.org/softpower.
Zer harreman dute animalia klonatuek eta ziberfeminismoak elkarrekin azaltzeko zure ikastaroan?
Dagoeneko iraultza bioteknologikoa deitzen dugun horren erakusle dira biak. Bioteknologia esaten dudanean gauza arrotza dela dirudi, baina denok harremanetan gaude horrekin egunero, ez badakigu ere: jana, botikak... Adar ugari eta luzeak dituen gaia da, eta gaur egun munduan dagoen negoziorik handienetako bat. Hala da patente sistema ezartzen ari zaielako bizidunei. Feminismoa izan zen lehena zientziaren sistema horri kritika egiten. Bioteknologiaz mintzatuko naiz, baina gizarte eta kultura ikuspegitik, ez zientzia aldetik.
Badira 25 urte Donna Haraway pentsalariak «denok gara cyborgak» idatzi zuenetik. Errealitateak motz utzi du adierazpena?
Ikastaroan Harawayren ikuspegia aztertuko dugu, baina ez zientzia fikzioaren aldetik, baizik eta zientzia errealitatetik. Emakumeon hileroko zikloa artifizialkierregulatuta dago, pilularen eraginez. Gure sekuentzia genetikoa eta giza DNA AEBetako enpresa baten jabetza dela esaten duzunean, jendea harritu egiten da. Bioteknologiaren industria izugarri azkar aurreratzen ari da, baina nahiko isilpean. Beldurrezko istorio bat ematen du, baina dagoeneko birikak, bihotzak, organo osoak egiten ari dira laborategietan hutsetik.
Halakoak entzuten ditugunean, David Cronenbergen beldurrezko filmak etortzen zaizkigu burura.
«Denok ehun urte biziko gara» agintzen digu bioteknologiaren industriak, eta promes horretan datza haren indarra. Ikuspegia kritikoa hartu behar dugu, baina ezin gara teknofobian erori, ez eta teknoutopismoan ere. Iraultza bioteknologikoa gertatzen ari da munduan botere aldaketa jazotzen ari den une berean. Indartzen ari dira Brasil eta India, esaterako, eta biek, kasualitatez, baliabide biologiko handienak dituzte. Kapital biologiko hori oso merke saltzen ibili dira AEBei, haziak, esaterako, baina dagoeneko ari dira buelta ematen.
Informazio teknologien iraultzak web 2.0 delakoa ekarri duen moduan, uste duzu urte gutxi barru denok etxean DNArekin jolasteko tresnak izango ditugula?
Eztabaida pizten ari da horren inguruan AEBetan. Ziur asko ez da berriz jazoko informatikarekin gertatutakoa, bioteknologia garestiagoa delako eta ez dagoelako interesik horretarako kontsumorako tresneria sortzeko. Etxean ez ditugu sortu ahalko munstroak, ziur asko, baina dagoeneko ari dira sortzen enpresatan ilunpean. Eztabaida bat behar dugu, irekia eta demokratikoa: tresna hauek ditugu, baina zer egin nahi dugu horiekin. Natura eraldatzeko inoizko aukerarik handiena dugu, baina garapenarekin nora joan gizarteak erabaki behar du, ez administrazio kontseilu batek.
DNA ateratzen irakasteko asmoa duzu tailerrean?
AEBetako Sub Rosa arte-zientzia taldeko bi kide ekarriko ditugu ikastaroetara, eta webcamarekin mikroskopioak egiten irakatsiko digute. Gainera, DNA nola atera azalduko digute. Baina ez gara giza DNAren gaian sartuko. Marrubiak erabiliko ditugu.
«Etxean oraindik ez ditugu sortu ahalko munstroak, baina enpresatan ari dira ja»
Bioteknologia zer den eta kulturan zein gizartean zelako eragina duen ulertzeko ikastaroa emango du ekintzaileak, Soft Power, arte, zientzia eta ziberfeminismoaren tailerrak zabaltzeko, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu