Pertsona bakarrarentzako bankuak, burdinazko barrez zatikatuak, hodi itxurakoak edo metalezkoak bestela. Hesiz inguratutako edo mugatutako aterpeak. Eserlekurik gabe berregituratutako plazak. Etxebizitzen atarian jarritako burdinazko ziriak, edo, bestela, parkeetatik desagertutako zuhaitz eta zuhaixkak. Zubi azpietako lurzoru malkartsuak. Lehen begiratuan, erabaki arkitektoniko hutsalak direla pentsa liteke, errentagarritasun ekonomikoaren aitzakian edota diseinu arrazoiengatik egindako elementuak. Gehienetan, ordea, herritarrak uxatzeko mekanismoak dira. Etsai arkitektura esaten zaie horrelako estrategia arkitektonikoei, atsedenerako edota lotarako balia daitezkeen guneak mugatzen baitituzte. Herritar ororentzako kaltegarriak dira, baina etxegabeak uxatzeko eraikiak izan ohi dira, horiek pairatzen baitituzte ondoriorik lazgarrienak. Etxebizitzarik ez dute, eta kaletik ere botatzen dituzte.
Horrelako egiturak mundu osoan hedatzen ari dira dagoeneko, eta Euskal Herrira ere iritsi dira: pertsona bakarrarentzako bankuak nonahi ikus daitezke, udalek zenbait zubipe hesitu dituzte, eta asko dira etxebizitza blokeetako aterpeak hesitu dituzten komunitateak. Halere, egilearen arabera, agerikoagoak edo sotilagoak dira neurriok. Hiri altzariei dagozkien aldaketak administrazioak agintzen ditu, eta herritar gehienentzat oharkabean pasatu ohi dira. Hala uste du Alejandra Puente RAIS Euskadi etxegabeekin lan egiten duen elkarteko zuzendariak: «Azalpenak ematen ez dizkiegun arte, herritarrek ez dute pentsatzen banku baten diseinua etxegabeak uxatzeko eraikia egon daitekeenik; gehienek arkitektura modernoarekin lotzen dute». Eremu pribatuan, ordea, bortitzagoak dira neurriok. «Hesiek edo eztenek badute konnotazio zehatzagoa: agerian geratzen da muga bat direla».
Kausa eta ondorioa. Logika horren barruan eraldatzen da etsai arkitektura. Neurri «erreaktiboak» direla uste du Pablo Ortiz Bizitegi elkarteko zuzendari teknikoak: «Ez dira prebentzio neurri gisa jartzen, erantzunak dira: etxegabeek espazio bat lo lekutzat hartzen dutenean, orduan ixten dute». Erreakzio hori eraso bihurtzen dela ohartarazi du Puentek. «Arbuio metodoak dira, gizarteak duen arazo bati bizkar emateko manera bat, eta etxerik ez duten pertsonen eskubideen urraketa».
Ezkutatuz, desagerrarazi
Etxegabeekin lan egiten duten elkarteek ohartarazi dute egitura horien asmoa ez dela espresuki aitortzen. Halere, euren susmoak berresten dituzten zenbait adibide zenbatu dituzte dagoeneko. Bilbon, kasurako, San Mameseko ingeniaritza eskolan zegoen balkoi baten azpialdea itxita agertu zen orain pare bat urte. Bertan egiten zuen lo etxegabe talde batek. Era berean, Bilboko Erriberako merkatuaren azpialdean zegoen aterpea lo lekutzat hartu zuten zenbait etxegabek. Egoera salatzeko asmoz, irudi bat zabaldu zen sare sozialetan. Erantzuna aterpeko sarbidean hesiz ixtea izan zen. Donostian, esaterako, Antigua auzoko autobus markesina batzuetako eserlekuak aldatu dituzte. Zirkulu erdi itxura dute orain, eta ezinezkoa da bertan etzatea. Horrelako adibideak arazoa deuseztatzeko manera direla uste du Puentek: «Ikusten ez dena ez da gertatzen; etxegabeak begi bistatik kenduz, arazoa ukatzen ahalegintzen dira». Baina Joseba Gaya Bizkaiko Caritas etxegabeen arduradunak uste du arrazoibide hori zentzugabea dela. «Arazoa ukatu arren, arazoa egon, badago».
Arrisku bihurtzen dira etxegabeak; mehatxu eta arerio. Bereziki komunitate pribatuetan. Berta Mora antropologoak uste du etxebizitza blokeen inguruan egindako aldaketak defentsa mekanismo gisa baliatzen dituztela: «Hein batean, pobreari zaion gorrotoa da; espazioa okupatzea ez da arazoa, baizik eta nork okupatzen duen. Hobeto ikusia dago jatetxe batek okupatzea espazioa, etxegabe batek baino».
Horrek zerikusi handia du etxegabeen inguruan sortutako imajinarioarekin. «Etxegabea entzutean, zaintzen ez den pertsona bat irudikatzen da, lur jota dagoena; arrisku bat direla uste da, eta gizartea alarma piztuta dabil», erantsi du Puentek. Zuzenean esaten ez diren gauzak direla uste du Ruizek: «Auzokideek ez dute eskatzen etxegabea hortik kentzeko; kexatzen dira esanez hor ezin direla egon, salaketa gisa, baina benetan begi bistatik galdu besterik ez dute nahi».
Alex Mitxelena arkitektoak neurrien zentzugabekeria mahaigaineratu du. «Etxegabeek pairatzen dituzte ondoriorik larrienak, baina komunitate osoaren kontra doaz». Mitxelena elkarbizitzan oinarritutako arkitektura diseinatzeko lanean dihardu, Mora antropologoarekin eta Enkarni Genua arkitektura irakaslearekin batera. Ikerketa talde bat osatu dute. Mitxelenak uste du etsai arkitektura espazio kudeaketaren bilakaeraren ondorio dela. «Espazio publikoaren eta pribatuaren arteko mugak zorroztu dira, bertakoaren eta kanpokoaren arteko arrakala handitu egin da». Kanpokoa, kasu honetan, etxegabeak dira. Muturrera eramanda, gizarte eredu baten isla da arkitektura bera: «Ez dagoenak ezin du arazorik sortu, paradigma hori da: zuhaitzik gabe, inork ez ditu moztuko; zaburik gabe, haurrek ez dituzte apurtuko; eta, hiri altzaririk gabe, ez da inor etzango bertan», esan du Mitxelenak. Norabide horretan doaz hiri ereduak. «Hiriak pasatzeko tokiak dira, ez geratzekoak. Helburua A puntutik B puntura iristea da», azaldu du Morak.
Neurri batean erruduntasunari aurre egiteko mekanismoak ere badirela nabari du Ortizek: «Aurrean ditugunean, errudun sentitzen gara, eta soluziorik onena desagerraraztea da». Gaya bat dator: «Etxegabe bat kalean egotea sintoma bat da, argi uzten du gure gizartea eta sistema ez dabiltzala ondo, eta ez zaigu gustatzen hori ikustea». Horregatik, irtenbidea ez ikusiarena egitea izaten da, arazoa konpondu bainoago.
Espazioaren ukapenaren aurrean, etxegabeek beren gain hartzen dute egoera berria. Beste nonbaitera alde egiten dute: «Errudun sentitzen dira; pairatzen duten egoeraren erantzule direla uste dute, arrazoia besteek dutela uste dute, ezin dutela bertan lo egin. Beste toki baten bila hasten dira, ez dute espazioa defendatzen», zehaztu du Puentek.
Arkitektoak, arauen menpe
Elementuok diseinatzea arkitektoen lana izaten da, betiere irizpide zehatzei jarraituz. Mitxelenak ohartarazi du araudi eta baldintza oso zorrotzak izaten dituztela maiz euren jardunean. Hari gertatutako kasu bat azaldu du: «Banku batzuk diseinatu behar genituen, eta materiala izan zen traba; egurrezkoak ezin genituen egin, metalezkoak izan behar zuten. Metala oso hotza da neguan, eta erre egiten du udan; ez da erosoa. Baina banku horien ardura mantentze lanetako teknikariarena zen, eta hari bost axola zitzaion erabilgarriak ziren ala ez, bere helburu bakarra bankuak ahalik eta luzeen irautea zen; finean, ahalik eta diru gutxien gastatzea».
Hori ikusita, kontraesanetan mugitzen direla aitortu du. Askotan, eskuak lotuta jarduten dira: «Araudiak asko baldintzatzen du arkitektoon lana; diseinu guztietan ideologia bat dago, onartua dena edo ez, eta profesionalak hor nahastuta gaude», berretsi du Genuak. Lotura horiek gorabehera, beste bide hartzen ahalegindu dira Gomez eta Mitxelena.
Etxegabeekin lan egiten duten elkarteak bat datoz. Azken helburua inork kalean lo egin behar ez izatea da; baina, era berean, onartezina iruditzen zaie pertsonarik zaurgarrienei oztopo gehiago eranstea. Elkarteak ezkor agertu dira neurri horien aurrean; uste dute deuseztatu ordez gogortu egingo direla: «Epe motzeko erabakiak dira, gustatzen ez zaiena erditik kentzea, baina finean denoi murrizten ari zaigu espazio publikoaren erabilera», esan du Gayak. Gizarte eredu garaikidearen erantzuna neurri zorrotzagoak hartzea izango da.
Izan ere, gurpil zoro baten azken muturra da etsai arkitektura: «Norbait etxetik botatzen duzunean, garbi dago nora doan: kalera. Baina, zer gertatzen da norbait kaletik botatzen duzunean? Paradoxa bat da. Nola bota daiteke norbait kaletik?». Airean utzi ditu galderak Ruizek.
Txirotasuna
Etxerik gabe, kalerik gabe
Hesiekin edo hormekin itxitako aterpeak, pertsona bakarrarentzako bankuak edo etxebizitzen atarietan jarritako eztenak. Horrelako estrategia arkitektonikoek etxegabeak uxatzea dute helburu: 'etsai arkitektura' esaten zaio. Etxegabeekin lan egiten duten elkarteek uste dute arazoa «ukatzea» dela hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu