Kolore & Hitz. Lelo hori hautatu dute Zizur Txikiko (Nafarroa)San Fermin ikastolako kideek Nafarroa Oinez-erako. Baina kontrastea nabarmena zen atzo. Grisa izan zen nagusi zeruan, eta ibilbidean ez zen ohiko jendetzarik igartzen. Antolatzaileek egin ahalak egin zituzten egoerari buelta eman eta festari eutsi ahal izateko. Aparkalekuentzako egokitutako guneak moldatu zituzten larunbat gauean, eta espero baino karpa gehiago jarri zituzten gune guztietan. Ordu txikietara arteko lana, atzo goizean dena prest izateko. Bigarren Hezkuntzako eskariari erantzun ahal izateko eraikin bat egiteko dirua biltzea zen helburua, baina gordina da balorazioa: «Ez dira bete helburuak». Horregatik, lau kontu korronte jarri dituzte ekarpenik egin nahi duenaren eskura, eta sarean ere eman daiteke dirua, www.nafarroaoinez.net helbidean.
Esker ona azaldu nahi izan diete antolatzaileek euria gora-behera festarekin bat egin duten milaka euskaltzaleei. Izan ere, eguraldia txarra izan arren, ona izan zen giroa Zizur Txikian eta Zizur Nagusian (Nafarroa). Izan ziren jaiaren aurkako eraso batzuk eguna hasi berritan: megafonia sarearen kableak ere moztu zituzten zenbait pertsonak. Baina giro ona izan zen nagusi egun osoz, eta euria izan zen arazo nagusia; ibilbideko gune batzuk itxi egin behar izan zituzten, eta bertan behera gelditu ziren bi kontzertu.
Jendea festa gogoz zen, hala ere. Eta baita laguntzeko asmoz ere. Ilobak ditu San Fermin ikastolan Antonio Laherak. Iruñetik ez zuen atzo bide luzea izan Zizur Txikira, baina, hala ere, egin egin beharrekoa zela azaltzen zuen. «Kultura laguntzeko» erabaki zuen Oinez-era joatea. Euripean ari zen hizketan, euritakoa eskuan. «Bai, baina horrek ez du garrantzirik. Etorri egin behar genuen, eta etorri egin gara». Eta haren antzera, beste milaka. Azkoititik heldu eta Garesera bidean zen Jon Elortza. Botoa eman eta gero egin zuen Zizurrerako bidea. «Halako eguraldi txarrarekin etor gintezkeenok etorri egin behar genuen, zenbaitek atzera egingo zuten eta». Izan ere, euriaz gainera, Eusko Autonomia Erkidegoko hauteskundeek ere izan zuten oihartzunik festan.
Ohi baino jende gutxiago zen ibilbidean, eta ez zen multzo handiegirik ikusten. Eguerditik aurrera baina atertu egin zuen, baina gune batetik besterako bidean ilarak ez ziren oso handiak, eta solte xamar zihoazen lagun taldeak. Baina ohi baino kopuru txikiagoan izan arren, jendetzak egin zuen bat San Fermin ikastolaren deiarekin. Tantaz tanta. Goizuetatik Laxaro Salaberria, Zangozatik Xabi Uharte, Lizarratik Itsaso Sanmartin, Bergaratik Ana Moñux, eta denek antzeko mezua ezpainetan. «Etorri egin behar genuen. Lagundu egin behar genuen». Parranda giroak erakarrita ere bai beste batzuk; gazteagoak, nagusiki: Iruñeko Iturrama ikastetxeko Sara Sainz eta Oihane Olite, adibidez. Kuadrillan zebiltzan, eta festa gogoz.
Laugarren area izan zen festazaleena, eta gune horrek hartu zuen jenderik gehien. Gazteak dantza, salto eta oihuka. Zikinduko ziren ardura handirik gabe, lokatz artean batetik bestera pasatzen hirukote bat, adibidez. Metro batzuetara, hirukotea lokatz artetik nola pasatzen zen ikusten familia bat. Barrez. Giro ona ez zen, ordea, nahikoa izan helburuak betetzeko.
KONTUKORRONTEAK
Caja Laboral. 3035.0145.66.1450044110.
Caja Rural. 3008.0077.14.0703177022.
CAN. 2054.0082.10.9123939260.
Kutxa. 2101.0970.01.0012925384.
Ezarian. Nafarroa Oinez
Euri kontra
Eguraldi kaskarra izan da Nafarroa Oinez-en, eta arduradunek diote ezin izan dituztela bete helburuak, nahiz eta milaka euskaltzalek haien deiari erantzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu