Fiona Ortiz (Menlo Park, Kalifornia, AEB, 1964) Reuters berri agentziak Espainian duen berriemaile burua da. Eurogunearen inguruko albisteak eta analisiak lantzen ditu mundu osorako. Ekonomia kazetaritzaren inguruan mintzatuko da gaur, EHUko Udako Ikastaroetan.
Gaztetan ekonomia kazetaria izatea zenuen amets?
Ez, kazetaria izateko asmorik ere ez nuen. Ustekabean hasi nintzen kazetaritzan. Gizarte zientziak ikasi nituen, eta, gero, hainbat urtez musikaren industrian ibili nintzen. Rock kritikaria izan nintzen, eta ondoren hasi nintzen kazetaritzan, bizitzaren bideak eramanda. Bestelako kazetaritza esparruetan aritu nintzen gero, eta Latinoamerikan familia nuenez, Guatemalan hasi nintzen Reutersentzat lanean. Hor ikasi nuen ekonomia kazetaritzaz, Reutersentzat bost herrialdetan lan egiten.
Ez zara inoiz damutu rockaren mundua utzi izanaz?
Ez. Azken batean, hiru urteren buruan adjektiboak amaitu egiten zaizkizu.
Rocka baino biziago dago orain ekonomiaren inguruko informazioa.
Estu eta larri gabiltza orain eurogunearen inguruko ekonomia kazetariok. Eskaera handia dago, eta oso azkar eta fin ibiltzea galdegiten digute. Eurogunean gertatzen ari denaren inguruko jakinmin handia dago: informazioa nahi dute, baina baita analisi asko ere.
Eurogunea bat bada ere, horren barruan dauden herrialdeen egoerak oso ezberdinak dira. Nola batzen dituzue tokian tokiko irudiak ikuspegi osoa izateko?
Elkarlanean aritzen gara euroguneko guztiok. Herrialde bakoitzak eta horietan agintean direnak krisitik ateratzeko zer proposatzen duten jakiteko grina handia dago: itunak egingo ote diren eta irtenbide horiek funtzionatuko ote duten.
Eurogunearen porrota iragartzen ari dira batzuk. Zuk zer mezu ari zara zabaltzen?
Oso zaila da esatea zer gertatuko den: soilik finantza munduan lan egiten duen jendearekin hitz egiten baduzu, Grezia zein beste herrialdetako zor publikoa ikusita, argi dute ezingo dela porrota saihestu. Horien salneurriak erakusten du ezingo dela zorra kitatu, merkatuaren ustetan. Baina Bruselako erakundeetako jendearekin hitz egiten baduzu, bestelako mezua jasotzen duzu: posible izango dela egoera konpontzea. Ni urte luzez bizi izan naiz Latinoamerikan, eta badakit ezinezkoa dela herrialde bat gastatu gabe urte luzez bizitzera behartzea.
Argentinan bizi izan zinen. Noraino da antzekoa han 2000ko hamarkadan pairatu zutena eta guk bizi eta biziko duguna?
Gehiegizko zorra, burbuila... antzeko egoerak daude. Argentinak ere dolarrarekiko parekotasuna ezarri zuen, eta horrek beharrak dakartza. Modu berean, euroguneak ere beharrak ezartzen dizkie herrialdeei, eta batzuei kostatzen ari zaie. Europarentzat gogorra da orain garatzeko bidean den herrialde batetik ikasi behar izatea, baina hala egin beharko du, ezinbestean.
Baina AEBak ere aurki zorra ordaindu ezinik egongo direla pentsatzeko arrazoiak badaude. Hala gertatzen bada, zer?
Krisi bat ikusi duzunean, dena posible dela pentsatzen hasten zara. Lehman Brothers erortzea ezinezkoa zela uste zuten askok. AEBetan porrota gertatzen bada, gauza asko berriz pentsatu beharko ditugu.
Euskal Herriko egoera nola ikusten duzue Reutersen?
Datorren astean analisi bat aterako dugu. Hazkundea Espainiakoa baino handiagoa da, eta langabezia txikiagoa, eta, horrez gain, kooperatibak indartsuak dira. Hor badituzue jarraitu beharreko ereduak. Nazioartean nolabaiteko interesa sortzen du kooperatiben mugimenduak.
Jakina da Internetek nola erasan dion prentsa idatziari, baina nola eragiten dio berri agentzia bati?
Lehia handitzen digu: lehen gu ginen bakarrak albisteak egunean 24 orduz ateratzen. Egunkariek ere sareko edizioak dituzte orain, eta albisteak etengabe argitaratzen dituzte. Beraz, lehia zuzena dugu orain egunkariekin ere. Orain bideak bilatu behar ditugu jendeak erabiltzen dituen beste pantailetara heltzeko; sakelakora, kasu. Internet baino askoz harago dago orain hortzemuga.
Komunikazioa. Fiona Ortiz. Kazetaria
«Europarentzat gogorra da orain Argentinatik ikasi behar izatea»
Rock kritikaria izan ondoren, orain ekonomia gaiak eta euroguneko krisia Reuters agentziarentzat lantzen ditu estatubatuarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu