Entzuleria finko eta sendoa du Euskadi Irratiak Gipuzkoan. Horren erakusgarri, EGMren 2012ko aurreneko neurketak emandako datuak. Euskarazko irrati publikoak du entzule gehien astelehenetik igandera: 57.000. Euskadi Irratiaren historian aurrenekoz gertatu da hori. SERek 53.000 entzule ditu, eta Radio Euskadik, 48.000. RNEk 37.000 entzule ditu; Copek, 20.000, eta Onda Vascak, 8.000. Irrati formuletan, Gazteak 45.000 entzule ditu astelehenetik igandera. Soilik Cadena100 dago aurretik: 52.000 entzulerekin.
Astelehenetik ostiralera bestelakoa da datua. Radio Euskadi eta SER paretsu dabiltza lidergoan, Euskadi Irratiaren aurretik.
Edonola ere, historikoa da herrialde batean euskarazko irrati bat izatea entzule gehien duena.
Datuak Euskadi Irratiarentzat ez dira hain onak beste herrialdeetan: astelehenetik igandera bi mila entzule Araban, 11.000 Bizkaian eta 9.000 Nafarroan.
Araban SER da liderra astelehenetik igandera, 53.000 entzulerekin. Astegunetan, berriz, Radio Vitoriak hartzen dio aurrea, 51.000 entzulerekin. Inoiz lortutako markarik onena berdindu du Radio Vitoriak.
Bizkaian SER irratiak du entzule gehien (165.000 entzule), Radio Euskadiri alde handia ateratzen diolarik. Gazteak datu ona lortu du Bizkaian: 42.000 entzule.
Nafarroan, berriz, lehia estua dago SER eta Onda Ceroren artean. SER da entzule gehien duena astelehenetik igandera: 51.000. Baina lau mila entzuleren aldea baino ez dio ateratzen Onda Cerori. Radio Euskadik 16.000 entzule ditu Nafarroan.
Hego Euskal Herri osoko datuak batuz gero, Euskadi Irratiak 79.000 entzule ditu astelehenetik igandera. Radio Euskadik, berriz, 163.000 entzule. Gazteak 113.000 entzule ditu, ostera. Astelehenetik ostiralera datu hobea lortu du Gazteak: 124.000 entzule. EITB Musika irratiak, berriz, nabarmen egin du gora 24.000 entzule lortuz.
Espainian RNE igo da gehien
Espainian Radio Nacional irrati publikoa da, EGMren arabera, entzule gehien irabazi duena: iazko neurketarekin alderatuta %22 hazi da. Oraindik ere SER irratia da lider, 4,6 milioi entzulerekin; %2 jaitsi da, 71.000 entzule. Bigarren tokian Onda Cero dago, 2.716.000 entzulerekin (%7 hazi da). Hirugarrena da RNE. Eta laugarren postuan Cope dago (%1,5eko igoera izan du).
Katalunian, RAC1 irratiak %24ko hazkundea izan du. Catalunya Radiok ere gora egin du: %6 iazko neurketarekin alderatuz.
Galizian, Radio Galegak sekulako gorkada izan du: %58 entzule gehiago iaz baino.
Kirol irratsaioen asteburuetako borrokan SER irratiko Carrusel Deportivo da entzule gehien duena: 1.822.000. Bigarren tokian Copeko Tiempo de juego dago, 1.080.000 entzulerekin.
Komunikazioa
Euskadi Irratia liderra da Gipuzkoan, astelehenetik iganderako neurketan
EGMren arabera, euskarazko irrati publikoak aurreneko aldiz gainditu ditu SER eta Radio Euskadi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu