Martxoaren 11ko Madrilgo atentatuaren urteurrena dela eta, Euskadi Irratiak programazio berezia prestatu du. Gorka Etxebeste Euskadiko programazio buruak azaldu duenez, irratiak ahalegin berezia egin du urteurren horren jarraipena egiteko: «Lan talde zabala bidaliko dugu Madrilera eta Atocha estazio paretik egingo dugu hainbat saio, gertatzen ari den guztiaren berri zuzenean eskaintzeko».
Hala, Maite Artolak zuzentzen duen Mezularia saioa Espainiako hiriburutik egingo dute ostegun eta ostiralean (18:00etan). Susana Mujikak gidatzen duen Faktoria magazina, berriz, Madrilen egingo dute ostiral goizean. Horrez gain, Euskadi Irratiko albistegietan (08:00etan eta 13:00etan) erreportaia bilduma ematen ari dira egunotan: gaur Argirik ekarri ez duen ikerketa batzordea lana izango da entzungai , bihar Martxoaren 11 eta euskal gatazka erreportaia emango dute (atentatuak Euskal Herriak bizi duen gatazkan nola eragin zuen aztertzen duena) eta ostegunean Martxoaren 11, handien arteko borroka lana entzun ahal izango da (PP eta PSOE alderdiei buruzkoa).
Euskadi Irratiak saio bereziak eskainiko ditu aste honetan Madrildik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu