Komunikazioa. Ianire Renobales. 'Lanabesa' aldizkariko koordinatzailea

«Euskal enpresen irudi baikorra ematen dugu, errealitateari helduz»

Enpresa informazioa euskaraz lantzen du 'Lanabesa' hilabetekariak. Euskal enpresen inguruko informazio gaurkotua ematen dute, halaber, 'www.lanabesa.com' webgunean.

urtzi urkizu
Donostia
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gara, Berria eta Gestión egunkarietan eta Eitb.com-en egin du lan Ianire Renobalesek (Santurtzi, Bizkaia, 1986). Onda Vasca eta Formula Hit irratietan kolaboratzailea da.

Lanabesa-z gain, ba al dago euskaraz enpresa informazioa egiten duen beste argitaralpenik?

Ez, gu gara bakarrak. Lanabesa-ren helburua enpresa munduan euskara sustatzea da. Hutsune bat ikusi genuen merkatuan, eta horregatik sortu zen argitaralpena. Bestetik, aipatu beharra dago Lanabesa Medioscom enpresaren barnekoa dela, eta Gestión egunkaritik sortu zela 2008an. Balore batzuk defendatzen ditugu: berdintasuna, euskara, komertzioa, ekintzailetza, berrikuntza, komunikazioa eta kultura.

Zer laguntza duzue?

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politika sailaren laguntza dugu, baina enpresa independientea da gurea.

Nola banatzen duzue Lanabesa?

10.000 ale banatzen dira hilero, Hego Euskal Herri osoan. Hartzaileak enpresak, liburutegiak, kultura etxeak, euskaltegiak, teknologia parkeak, merkatal zentroak, finantza entitateak, aurrezki kutxak, formakuntza profesionalen zentroak, behargintzak eta garapen agentziak izan ohi dira.

Interneten zer eskaintzen duzue www.lanabesa.com webgunean?

Enpresa eta ekonomia informazioa euskaraz eskaintzen duen erreferentziazko webgunea da. Egunero eguneratzen dugu, eta edukiak paperezko argitaralpenaren antzekoak dira.

Sare sozialetan ere sartu zarete?

Bai, Facebooken eta Twitterren gaude. Pixkanaka hedatzen goaz sare sozialetan. Egun oso garrantzitsua da sare sozialetan egotea.

Jendartea krisi ekonomikoaz ari den garai hauetan eman al daiteke albiste onik ekonomiaz?

Gu beti saiatzen gara irudi baikorrak ematen, baina errealitateari helduz. Enpresek egiten dituen esfortzuetaz aritzen gara, beti ildo positiboari helduta.

Enpresamunduak nola baloratzen du Lanabesa-k egiten duen lana?

Oraingoz nahiko iritzi onak ari gara jasotzen. Enpresa munduarekin harremanean, urtero Lanabesa sariak ematen ditugu. Eta harrera beroa izaten ari gara sari horietan. Sariak honakoak dira: enpresa berrikuntza, jardunbide profesionala, enpresa ekimena, euskara lantzen eta kultur ekintza.

Enpresa informazioa komunikabide handietan ondo tratatzen dela iruditzen al zaizu?

Ez zaio behar duen besteko garrantzia ematen. Informazio orokorreko egunkarietan jorratzen dira gai hauek, baina hutsune bat bazegoela iruditzen zaigu, Lanabesa-k bete duena.

Komunikabideen eta paperaren krisiaz hitz egiten da. Lanpostu asko ari dira murrizten. Zer iritzi duzu krisi horretaz?

Egoera halakoxea da. Komunikabideek aukera berriak landu beharko lituzkete Interneten, paperezko euskarriak bermatzen ez dituenak. Adibidez, 2.0 kontzeptua gehiago garatuz.

Krisi ekonomikotik noiz aterako gara?

Urrun dakusagu hori. Guk enpresa txiki eta ertainen berri ematen dugu, eta esfortzu handiak egiten dituzte lanpostuak mantentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.