Euskal gastronomia, folklorea eta kirola Aste Nagusian

Euskal Museoak erraldoi denak batera erakutsiko ditu, eta laxo erakustaldia egingo dute

Herri kirola, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Euskal kultura eta folklorea Bilboko Aste Nagusiaren parte izango dira aurten ere, eta, aurreko urteetan bezala, Euskal Herriko kirolak, gastronomia eta musika hiriko kaleetan izango dira, guztion gozagarri. Itziar Urtasun Jai Arloko zinegotziak jakinarazi duenez, laxo erakustaldia antolatuko dute lehen aldiz Aste Nagusian —euskal pilotako modalitaterik zaharrena da laxoa— eta Euskal Museoan 28 erraldoien erakusketa izango da ikusgai; beste kirol, folklore eta ekintza gastronomikoekin batera.

Ekitaldietako asko Zazpikaleetan eta Areatzan izango dira; goizetan gastronomia lehiaketak izango dira Areatzan, eta horiekin batera, bertsolariak, txistulariak, bilbainadak, euskal dantzak eta erromeriak izango dira egunero. Erraldoi eta buruhandiak kalejiran irtengo dira goizero, eta abuztuaren 28an Euskal Herriko beste zenbait lekutatik heldutako buruhandi eta erraldoiekin topaketa egingo dute Areatzan. Horrez gain, arratsaldero euskal dantzak ikusteko aukera izango da Plaza Barrian, Bizkaiko zenbait dantza taldek plaza girotuko baitute.

Kirola Aste Nagusian

Kirolek garrantzi berezia izango dute jai egitarauan. Izan ere, laxo erakustaldiaz gain, Aste Nagusiko Pilota Lehiaketa, guztiontzako pilota tailerrak, Bilboko 34. Estropadak, XV. Hiri Krosa eta xake eta herri kirolen txapelketa eta erakustaldiak egingo dituzte, baita arrantza tailerrak ere. Bada zerbait kirolari begira.

Bestalde, abuztu osoan egongo dira ikusgai Bilboko erraldoi guztiak, bai zaharrak bai berriak, Euskal Museoan. Urtasunek azaldu duenez, aurretik hiru alditan baino ez da egon erraldoi guztiak batera ikusteko aukerarik, 2008an azkena. Hilaren 21etik 28ra musu truk sartu ahal izango da erraldoiak ikustera. Beste erakusketarik ere egongo da; izan ere, Barrainkuako Kultur Etxean Aste Nagusiko kartel lehiaketako aurre finalistak ikusteko aukera izango da abuztuaren 31 arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.