Euskal Hedabideen Behategiak 2017ko Urtekaria aurkeztu du gaur, Durangoko Azokan, komunikazioaren inguruan gertatutako aldaketen kronika eta begirada sakona. Aurkezpenaren aurretik, kide berri bat batu zaio Behategiari: Udako Euskal Unibertsitatea (UEU). EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak osatu dute, gaur arte, Behategia, Hekimen elkartearekin batera.
Ekitaldian lau unibertsitateetako errektoreak eta arduradunak izan dira: Nekane Balluerka (EHU), Jose Maria Guibert (Deustuko Unibertsitatea), Vicente Atxa (Mondragon Unibertsitatea) eta Iñaki Alegria (UEU); baita Behategiko koordinatzaile Libe Mimenza eta Hekimen elkarteko zuzendari Alberto Barandiaran ere. Udako Euskal Unibertsitateak Behategiarekin bat eginda, ikerguneak bultzada berria jaso du euskal hedabideen jarduna aztertu eta ikerketa bultzatzen jarraitzeko. "Hain zuzen ere, 2018ko urtea giltzarri izango da sektorearentzat ikerketaren alorrean", esan du Beharegiko Libe Mimenzak. Euskal Hedabideen Datutegiaren bidez, Behategiak inoizko datu funtsik handiena jarri du ikerlarien esku, eta sektoreak etorkizunari begira egin nahi duen gogoetarako ezinbesteko tresna izango da hedabideentzat ez ezik, unibertsitateetako ikerlarientzat eta administrazioentzat ere.
Urtekaria Durangoko Azokan bertan eskura daiteke, Hekimeneko hedabideen erakusmahaietan, eta baita Behategia.eus atarian ere.