Euskal Herria mintzagai 'Orsai' aldizkariaren lehen zenbakian

Hernan Casciari argentinarrak sortutako aldizkaria urtarrilaren 4an hasiko dira banatzen

urtzi urkizu
Donostia
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Paperaren krisia bolo-bolo dabilen garai honetan, Hernan Casciari kazetari argentinarrak aldizkari berezi bat sortu du: Orsai. Sakoneko kazetaritza kronikekin, narrazio laburrekin eta ilustratzaile finen marrazkiekin hornituko dute hiruhilabetekaria.

Banaketa modua da proiektuaren ezaugarri berezienetako bat. Hainbat herrialdetako liburudendetan, irakurleek hamarreko multzoetan bildu eta eskaera egin ahalko dute. Bestela, harpidetza egin daiteke Orsai.es webguneko galdetegi bat betez. Aurreneko zenbakia lortzeko epea duela egun batzuk amaitu zen. Hasteko, 10.080 ale aterako dituzte, urtarrilaren 4an. Handik aurrera, irakurleek eskatu ahala inprimatuko dituzte ale gehiago.

Gaurko komunikabideekin haserre dago Casciari, eta Orsai-rekin planteamendu berri bat egin nahi du: «Ez da inongo jende malapartaturik egongo tartean, soilik autoreak eta irakurleak». Horri lotuta, erreportajeen egileek diruaren %50a eramango dute. Banatzaileekin nazkatuta dagoela dio aldizkariaren sortzaileak: «Ez dugu banaketaren eta argitaletxeen mafietan sartu nahi. Haiekin ideologia mailan erabat nekatuta gaude». Hala, autoedizioan beste pauso bat eman nahi du proiektuak. Prezio ezberdinak izango ditu aldizkariak, herrialdearen arabera. Hego Euskal Herrian 16 euro kostako da, baita Espainian, Katalunian eta Galizian ere. Japonian 22 euro, Afrikan zazpi euro eta Kuban doan banatuko da. iPaderako edizio «oso zaindua» egiteko asmoa dute.

Jose Perez umoregilea

Aldizkariak, argitaratu aurretik, ikusmin handia sortu du, eta oihartzuna ere izan du, nahiz eta bakarrik Internet bidez egin duen publizitatea. Aurreneko zenbakiaren edukien inguruan ezer gutxi aurreratu badute ere, ziurta daiteke Euskal Herriko gatazka politiko eta armatuaren inguruko erreportaje bat egongo dela. «Osagai mingarririk gabe eta Latinoamerikako irakurleei enfokatuta egongo da», aurreratu du Casciarik. Gainera, Jose A. Perez umoregile bilbotarrak Euskal Herriko egoeraren inguruko bere ikuspegia emango du. Público egunkariko kolaboratzailea, TVEko Ciudad K saioko zuzendaria eta www.mimesacojea.com blogeko sortzailea da Perez.

Orsai-ko sortzaile Casciarik badu blog bat telebistaren munduaz: blogs.elpais.com/espoiler.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.