Euskal Herriko boladako gaien zerrendaren bila

Twitter euskaratu duten arren, sare sozialak ez die aitortzen euskal erabiltzaileei komunitate izaera. Hori lortzeko, kanpaina bat abiarazi dute sarean.

Euskal Herriak boladako gaien zerrenda propioa izateko, babesa eman daiteke sarean. BERRIA.
Adrian Garcia.
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Twitterren txioak euskaraz entzuten diren arren, pauso bat harago joan nahi dute erabiltzaileak: Twitterrek komunitate izaera aitortzea. Boladako gaiak edo trending topic deritzonak sare sozialean bolo-bolo dabiltzan gaiak zerrendatzen ditu, denbora tarte batean gehien errepikatzen diren hitz edo esaldiak. Hamar esaldi edo hitzeko zerrenda plazaratzen du, eta erabiltzaile guztiek ikus dezakete zeintzuk diren unean dauden modako gaiak.

Gai horiek geografikoki sailkatzen ditu Twitterrek, erabiltzaileen kokapenak arakatuz. Alde batetik, mundu osoko boladako gaiak ikus daitezke. Horrez gain, 34 estatuk haien modako gaien esparrua dute, hau da, eremu horietan gehien errepikatzen diren esaldien edo hitzen zerrenda ematen du sare sozialak. Estatuez gain, badira zenbait hiri euren boladako gaien esparrua dutenak, Lyon, Marseilla eta Paris Frantzian, Madril Espainian eta Bartzelona Katalunian, adibidez.

Twitterreko euskal erabiltzaileei ez die komunitate izaera aitortzen Twitterek—katalanei ez bezala—, eta, beraz, Euskal Herriko gaien zerrendarik ez da azaltzen. Espainiako eta Frantziako gai zerrendetan ito ohi dira euskal gaiak, eta oso gutxitan lortzen dute azalera hurbiltzea eta modako gaia izatea. Espainia eta Frantziako boladako gaien koloreetan galtzen dira euskal txioak.

Boladako gaietan kolore propioa edukitzeak Twitterreko euskal komunitatearen presentzia indartu eta erabiltzaileak kontaktuan jarriko lituzke, gai horiei buruz eztabaidatzeko aukera emango bailieke. Dixk Costolo Twitterreko zuzendari nagusiari eskaria helarazi diote, eta proposamena http://act.ly/61l plataformaren bitartez babes daiteke. Twitterrek, ordea, boladako gaien eremuak txio kopuruen arabera ezartzen direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.