Aspaldiko ametsa betetzear dagoela sumatzen dute Albaola Itsas Kultur Erakundeko kideek. Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu izendatzeak San Joan galeoiaren erreplika eraikitzeko aukera emango die. Nazioarteko itsas ondarean garrantzi handia du ontzi horrek, eta Euskal Herriko urrezko iraganaren lekuko da, XVI. mendeko arrantza bizimoduarena.
«Nazio garatu guztiek dute eurak ordezkatzeko ontzi enblematiko bat. Euskal Herriak beharko lukeen itsas enbaxadore ibiltaria izango da San Joan galeoia», dio Xabier Agotek, Albaolako arduradunak. Gaia jorratuko duen batzordea ez da oraindik erabat osatu, eta finkatzeko dago guztiz egitasmoa, baina badakite galeoia 2013an hasiko direla eraikitzen.
San Joan galeoia Pasaian eraiki zuten, 1563an, eta handik bi urtera hondoratu zen, Kanadan, Red Bayko ur izoztuetan. Gaur egun ere hantxe jarraitzen du.
Galeoiak duen interesa nabarmendu du Agotek. «Aurkitu zutenean oso ondo kontserbatuta zegoen, eta arkeologoek bost uda eman zituzten lanean». Piezarik garrantzitsuenak hango Euskal Baleazaleen Museoan daude egun, eta gainontzekoak itsas azpian. Ur azpiko arkeologian San Joan ontzia eredugarria dela dio Agotek, eta ondorengoa gaineratu du: «Munduko urpeko ondarearen ikur ofizial bihurtu zuen Unescok. Eta hori izendatzeko erabiltzen duen zigiluan San Joan-en irudia dago».
Galeoia eraikitzeak ontziak islatzen duen garai eta historia gizarteratzeko balioko du batez ere, XVI. mendea Euskal Herriak itsasoan izandako garairik gorena izan baitzen: «Bakailaoa eta balea arrantzatzen zuten Kanadan euskaldunek. Europan ordura arte balea harrapatzen zuten bakarrak ziren, eta Kanadan ere haiek izan ziren bakarrak. Ipar Amerikan egon zen lehen industria jarduera izan zen. Aberastasun iturri handia izan zen orduan». Zalantzak daude euskaldunak Ternuara lehendabizikoak iritsi ziren edo ez, baina nolanahi ere euskaldunen presentzia «oso goiztiarra» izan zela esan du. «Arrantzan berehala nagusitu ziren. Kuriosoa da, frantziarrek eurek esaten zuten euskaldunak eurek baino teknika hobeak menderatzen zituztela».
Arrantzan zuten nagusitasun horrek arraina banatzeko eta saltzeko antolamendu egoki bat behar izaten zuen ondoren. «Balea ustiatzeak askoz ere baliabide gehiago eskatzen zituen, bakailaoak baino. Balea ehizatu, portura eraman, puskatan moztu eta urtu egiten zuten eta ontzi handiagoak behar ziren hori egiteko. Lan hori ere benetako erronka zen».
Europa osoan zehar saltzen zen gero bai bakailaoa eta baita balea ere. Balearen gantza estimatua zen oso, eta, Agoteren arabera, etxeak argitzeko erosten zuten, adibidez.
Balearen arrantzan aitzindariak ez ezik, Euskal Herrian ontziolen industria ere puntakoa zen. «Espainiako inperioaren itsas zentro teknologikoa zegoen hemen. Gaur egun, NASArekin konpara daitekeen zentro moduko bat sortu zen. Mundu Berrira zihoazen espedizioetako ontziek hemen eraikita egon behar zuten, Espainiako erregeek hala eskatzen zutelako». Ontziak egiteko egurrik onena haritza dela esan du Agotek, eta horretan Euskal Herriko ingurunea aberatsa zela.
«Euskal Herriarentzat itsasoak gaur uste dugun baino garrantzi askoz handiagoa izan du. Munduarekin konektatzeko erabili dugun biderik handiena izan da itsasoa».
Eraikitzeko prozesua
Donostia 2016rako Europako kultur hiriburu izendatu badute ere, galeoia 2013an eraikitzen hasteko asmoa dute, Agotek adierazi duenez. Prozesua erabat finkatu gabe dagoen arren, badituzte hainbat zutoin pentsatuta. Hasteko, datorren ikasturtean Pasaiako ontzigintza eskola irekiko dute. Eskolak mundu osoko ikasleak hartuko dituela gaineratu du Agotek, eta haien laguntza garrantzitsua izango dela galeoia eraikitzeko. Baina proiektua denek «parte hartzekoa» izatea nahi dute, batez ere: «Gizartea, erakundeak eta elkarteak inplikatu nahi ditugu. Borondatezko sare bat osatu nahi dugu, lan espezializatua den arren ontzia eraikitzen lagunduko dutenak». Horretarako, Gu itsasoa izeneko ekimena jarri dute abian; oraingoz, Gipuzkoan bakarrik.
Horretaz gain, Ondartxo Itsas Kulturaren Zentroa egokitu nahi dute. Laster bi urte beteko dira Pasai San Pedron zentro hori ireki zenetik, eta, geroztik, Albaola itsas kultur erakundeak bertan egiten ditu ontzien eraberritze lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiak urteetan Ontzi museoan gordetako ontziak ere han daude. Bisitarientzat irekita dago zentroa: «Ongi egokitu nahi dugu lekua; hemen eraikiko baitugu San Joan ontzia, eta bitarte horretan bisitari ugari jasotzea da gure nahia».
Behin galeoia amaituta bidaiak egitea da asmoa; Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere eman nahi diote oihartzuna proiektuari.
Ezarian. Itsas ondarea
Euskal Herriko itsas enbaxadorea
'San Joan' Kanadako uretan hondoratuta dagoen galeoiaren erreplika eraikiko dute Albaolako kideek. Donostia 2016 kultur hiriburuaren proiektuaren barruan egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu