Euskal Herriko Pintxo Txapelketa kalean egingo dute, zuzenean

Karpa batean ariko dira sukaldariak jendearen aurrean, urriaren 18, 19, 25 eta 26an, Hondarribian

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Berritasunez beterik dator aurten Euskal Herriko Pintxo Txapelketa. Hondarribian egingo dute hasi eta buka. Datorren astelehen eta asteartean (urriak 18 eta 19) izango da lehen kanporaketa, eta urriaren 25ean eta 26an finala. Baina berritasun handiena txapelketaren euskarrian dago: kalean ariko dira sukaldariak, erdigune historikoan paratutako karpa batean, jendearen aurrean. Horrez gain, EITBk zuzenean emango du Internet sarean.

Miniatura sukaldaritzaren sekretuak, dela gelatina, dela nitrogenoa eta urrutiko osagai exotikoak, denen ikusgarri egingo dituzte Euskal Herri osotik Hondarribira joandako sukaldariek. Sukaldaritzak eta ikuskizunak bat egingo dute euskarri berriari esker. Hori da, behinik behin, antolatzaileen nahia. «Zorroztasun profesionala galdu gabe, ikuskizun izaera emango dio», esan zuen atzo Juancar Aierbek, txapelketako koordinatzaileak.

Guztira, 75 sukaldari ariko dira Arma plazan, irudimenez beteriko pintxoak prestatzen. Besteak beste, Gasteizko Borda Berri tabernako ordezkaria, Bilboko Gure Tokikoa, Donostiako Zerukokoa eta Uharteko Abacokoa izango dira, denak 2010eko herrialdeetako txapeldunak. Sukaldarien boxean egindako lanen ostean, epaimahaiak urriaren 25erako eta 26rako (astelehena eta asteartea) erabakiko du finalean zeintzuk ariko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.