Kulturaren egile eta sortzaileen ahotsa ostegun gauero entzun ahalko da ETB2ko Capital Cultura programa berrian. Etzi hasiko dira ematen Julio Flor kazetariak eta Jose Fernandez de la Sota olerkariak sortutako dokumentalak, «telebista poesia izan daitekeela» sinistuta.
Saioaren bi aurkezpen egin zituzten atzo, Bilbon bata eta Donostian bestea. Bilbokoa egiterako ez zen heldu ETAren su-etenaren berria. Bai, ordea, Donos- tiakoa egiterako. Eta parte-hartzaile gehienek egin zuten su-etenaren aipamena.
Julian Pavon ETBko zuzendaritzaren aholkulariak adierazi zuen ETBn baikorrak direla eta kulturaren alde egiten dutela. «Saioan sortzaileak sortzaileez hitz egiten azalduko dira. Horretarako, programak indarra izango du ikus-entzunezkoen ikuspegitik. Eta hitza indarrez entzungo da, sedukzio ahalmen handiarekin».
Zinema tankerako kontaketa egingo dute saio berrian. Egile gonbidatuak, tailer eta bulegoak, herri eta hiriak tartekatuko dituzte. Bakoitzari bere hizkuntza egokituz. Literatura, zinema, musika eta arte plastikoan aritzen diren sortzaileak erakutsiko dituzte. «Saioak sortzaileei egindako omenaldi bat izatea nahi dugu», azaldu zuen Jose Fernandez de la Sotak. «Nolabait, sortzaileek gizartean beren rola izatea nahi dugu». Capital Cultura ikuskizun bat dela uste du olerkariak, «ikuskizuna ez baita plato batean gizaki batzuk bata besteari isekan aritzea». Fernandez de la Sotaren iritziz, ikuskizuna «mugitzen eta hunkiarazten duena da, inteligentzia eta sormena».
Julio Flor kazetariak esan zuen euren proiektua ez dela poesia telebistaren aurka, ezta telebista poesiaren aurka ere: «Pentsatzen dugu telebista poetikoa izan daitekeela. Euskal telebista publikoak kulturaren alde egiteko helburua dugu. Hala, kazetaritza poetikoa eraman nahi dugu telebista publikora».
Capital Cultura saioak hamahiru atal izango ditu. Atal bakoitzean egile bat edo bi azalduko dira. Protagonistak bi direnean, bataren eta bestearen hitzak tartekatuko dituzte. Egile horietako batzuk atzoko bi aurkezpenetan izan ziren. Luisa Etxenike idazleak esan zuen kultura ez dela lo eginarazten duena, esnarazten duena baizik: «Alde horretatik, ETB2ko programa esnarazteko saio bat da». Julia Otxoaren ustetan, «kulturari garrantzia ematea etorkizunean pentsatzea da». Ricardo Ugarte eskultoreak nabarmendu zuen TVEk sortzaileei egindako elkarrizketen artxibo aberats bat duela, eta Capital Cultura-rekin ETBk antzeko artxibo bat izango duela. Alde horretatik, Julian Pavonek esan zuen sortzaileei egindako elkarrizketa osoak gordeko dituztela.
Ostegun honetan, Alex de la Iglesia zinemagilea eta Jesus Mari Lazkano izango dira saioko bi protagonistak. Datozen asteetan agertuko direnen artean hauek daude, besteak beste: Helena Taberna, Miguel Sanchez Ostiz, Bernardo Atxaga, Inma Shara, Luis de Pablo, Alberto Schommer, Agustin Ibarrola, Anjel Lertxundi eta Maria Asun Landa.
Euskal Herriko sortzaileei buruzko saio bat estreinatuko dute etzi ETB2n
Julio Florrek eta Jose Fernandez de la Sotak zuzenduko dute 'Capital Cultura', eta ostegunero emango dute, 23:30ean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu