EUSKAL HERRIKO TXOKOAK. BUSTURIA. Sollubetik paduretara

Euskal Herriko txokoak. Busturia. Urdaibairen bihotzetik ikuspegi paregabeez eta lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen du. Madariaga dorretxea da Busturiko ikurra.

Ibai Maruri Bilbao.
Busturia
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Pareziko Amaren baseliza ondotik ikuspegi zoragarria dago. Sollube mendiaren magalean, Busturiko (Bizkaia) atalaia lanak egiten ditu. Lauzpabost baserrik osatzen dute auzunea, amaierarik ez dutela diruditen belardi malkartsuen erdian. Euripean bazkatzen ari diren behien marrumek eta zintzarri doinuek baino ez dute apurtzen isiltasuna. Euri lanbarra ari du tarteka. Suabe erortzen dira tantak, mehe, zaratarik sortu gabe. Urrunean Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu eta Ereñoko baso eta mendiak, eta begiradak beherako bidea hartuz gero, Urdaibaiko padurak.

Gizonezko bat barraskiloak batzen dabil bere baserritik errepide nagusira arte doan bidean. «Gabon gauean badakit norenean afaldu», esan dio baserritarrari Bermeorako bidean doan txirrindulariak. Eskuaz egindako agurra jaso du erantzun moduan. Parezirekin batera, Gernika-Lumo eta Bermeo arteko errepidearen alboetan dauden Altamira, San Kristobal, San Bartolome eta Axpe auzoek osatzen dute udalerria, Sollube mendiaren eta itsasadarraren artean.

Axpek betetzen ditu herrigune lanak, bertan baitago udaletxea. Edonola ere, eguraldi goibelaren ondorioz, kalean inor gutxi dabil. Biztanle aldetik, eskualdeko hirugarren herria da; zerrendan Bermeo eta Gernika-Lumo ditu aurretik. Baina berez ez da herri handia, eta biziguneak sakabanatuta dauzka. Axpeko kaleetan tarteka isiltasuna bera ere entzun egiten dela dirudi, norbere pausoen hotsetan. Udazkeneko aurreneko egun umelak lasaitasunaren lurralde bihurtu du ingurua.

Udaletxearen ondoan, Axpeko plazan dago Santa Maria eliza, XVI. mendekoa. Estilo gotikoaren arauak jarraituz jaso zuten. 1995ean kultur ondare izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Elizpe dotorea dauka, handia, garaia. Eta atari nagusiko arku zorrotzen apaingarriak ikusgarriak dira. Parrokiak jasotako izendapen berbera eman zioten Kristo Santuaren baselizari ere. XVI. mendeko Jesus gurutziltzatuaren irudia dauka. Bizkaiko zaharrenetakoa dela diote. Oinetan kandela gorria dauka piztuta, eta oraindik fresko-fresko dauden loreak, noizean behin fededunen bat otoitz lekua zaintzeaz gogoratzen den seinale.

Gaur egun Busturiak duen eraikinik ezagunena Madariaga dorretxea da. Urdaibairen bihotzean dago, eta bioaniztasunaren jagole eta dibulgatzaile bihurtu da, Eusko Jaurlaritzak Biodibertsitatearen Euskadiko Zentroaren egoitza izateko aukeratu zuenetik.

Izenak berak iradokitzen duen moduan, Madariaga familiak eraikitakoa da, XV. mendean. Berez, eraikin militarra izan zen, bandoen arteko borroketatik babesteko jaso baitzen. Gerra sasoiak igarotakoan, baina, bizileku bihurtu zuten, jauregia gehituta.

Naturak emandako altxorrak

Madariaga dorretxearen ikurra ondoan duen erlojuaren dorrea da. 1851n eraiki zuten, San Bartolome auzoko bizilagun baten enkarguz. Busturiko herritarrek erabiltzeko jaso omen zuten. Halere, erloju horrek badu bere elezaharra ere. Herrian esaten denez, dorretxeko andrearen aginduz jarri zuten. Dirudienez, senarra goizaldean etxeratzen zen, ia beti mozkortuta. Emazteari ez zekiela zer ordu zen esaten zion, eta horregatik iristen zela berandu. Erlojua jarritakoan, baina, beste aitzakia bat bilatu behar izan zuen, erlojua herritik ikusten da eta.

Interpretazio zentroko erakusketa ikusi ostean, paduretara begiratzeko aukera eskaintzen zaio bisitariari, dorretxearen goiko begiralekura igota. Busturian hildakoek ere Urdaibaiko txokorik ederrenari begira lur hartzen dute. Izan ere, hilerria dorretxetik gertu dago, itsasadarrari begira.

Orotara, intereseko 55 eraikin erlijioso eta zibil ditu. Baina lurpean ere badu altxorrik. Axpe auzoan bertan dago San Pedro kobazuloa. Bizkaiko saguzarren kolonia handienaren bizilekua da. Horregatik, udaberrian eta neguan debekatuta dago bertara sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.