Euskal kostaldeko naufragio handienen historia bildu dute

Urperatzeen argazkiak, margolanak edota grabatuak ikus daitezke Donostiako Untzi museoan

Asturiasko Ricardo merkataritza ontzia, Kontxako badian hondartuta. KUTXATEKA.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Itsasoaren eta eguraldiaren haserrealdiek itsasontzi asko hondoratu eta arrantzale asko hil ditu Euskal Herrian historian zehar. Euskal kostaldean XVII. mendetik gaur egunera arte gertatuko urperatzerik handienak bildu dituzte Naufragioak euskal kostaldean erakusketan, Donostiako Untzi museoan. Argazkiak, margolanak, maketak eta grabatuak ikus daitezke. Azaroaren 30era arte egongo da zabalik.

Titanic ospetsua hondoratu zela mendea bete da aurten, eta gertuagora joz, orain dela ehun urte bi ezbehar gertatu ziren euskal kostaldean. 1912ko galerna lazgarriak Bizkaiko arrantzontzi ugari hondoratu, eta tragedia eragin zuen zenbait herritan. «Eta San Inazio Loiolako petroliontzi gipuzkoarra ere urte hartan desagertu zen, Atlantikoan», azaldu du Soco Romanok, Untzi museoko zuzendari-kideak.

Mendeurren horren harira, hain ezagun ez diren baina garrantzi berbera duten naufragioen materiala bildu dute erakusketan. «Itsasoarekin lotura estua izan duen herria gara, eta, zoritxarrez, naufragio asko izan ditugu». Euskal kostaldean gertatutakoak ez ezik, Ozeano Atlantikoan bakailaoa eta balea arrantzatzen hondoratutako euskal arrantzontziak asko izan zirela gaineratu du Jose Maria Unsainek, erakusketaren komisario eta Untzi museoko zuzendari-kideak.«Material grafikoaren falta izan da erakusketa osatzeko topatu dugun zailtasunik handiena».

Materialik zaharrena 1607. urtekoa da. Lapurdin, Bidarte parean, Antonio Okendo jeneralaren aginteko lau galeoi hondoratu ziren, eta zortziehun lagun hil. «Urperatzea sorginei leporatu zitzaien. Denboraleak sortzeko gai zirela uste zuten», dio Unsainek.

Euskal kostaldean gertatutako urperatzerik lazgarriena 1627koa da. Donibane Lohizune eta Arcachon artean Ekialdeko Indiatik zetozen bost galeoi hondoratu ziren. «Bi mila pertsona hil ziren. Balio handiko materiala zekarten: diamanteak, harribitxiak eta Ekialdeko oihalak, eta lapurrak pilatu ziren hondartzan».

Kutxa Fundazioak utzitako margolan bat da erakusketako izarra, nolanahi ere: Laureano Gordonek zehaztasun handiz margotutakoa. Donostian, Kontxako badian bertan, Felisa brigantina eta Mariana korbeta ageri dira hondoa jota, 1850eko otsailaren 6an. «Donostiarrentzat kolpe handia izan zen». Baina itsas salbamendurako mugarri bat ere izan zen. Baliabide falta izugarria zegoen orduan, eta Erresuma Batuan eraikitako txalupa bat ekarri zuten gertaeraren ondoren. «Salbamendurako azken berrikuntza zen».

Itsasontziei bizkarrak jartzea izan zen hurrengo segurtasun neurria, Unsainek azaldu duenez. 1878ko pazko larunbateko galernak eragindako urperatzearen ondotik, itsas salbamendurako elkartea sortu zuten Espainian, eta eguraldi iragarpenak egiteko teknikak asko hobetu ziren.

1912ko galerna ezaguna ere ageri da. 143 arrantzale hil ziren; bermeotarrak gehienak. Arrantzarako belaontziak alboratu, eta baporezkoak sartu zituzten orduan. «Naufragioek kostaldeko herrien pobretzea eragiten zuten. Familia askoren sostengua arrantza baitzen».

Itsas salbamenduari buruzko atalarekin osatu dute erakusketa. Itotakoak konortea berreskura dezaten egin beharreko pausoak azaltzen dituen agiria bitxia da oso. Eta Jose Mari Zubia Mari aipatzen da, itsas salbamenduan aritu diren hainbat lagunen ordezkari gisa. Zumaiako arrantzalea zen Zubia, eta txalupa hartuta bizitza asko salbatu zituen. Zoritxarrez, horietako batean zendu zen, Donostian, Santa Klara uhartearen parean ontzi bati laguntzen ari zela. Portuan bertan, Untzi museoaren alboan du Zubiak oroigarria, omenaldi gisa.

Bisita gidatuak

Bermeoko Arrantzaleen Museoa eta Bizkaikoarekin elkarlanean osatu dute erakusketa. San Telmo museora, Aranzadi Zientzia Elkartera eta hainbat lagunengana jo dute materiala biltzeko. «Itsas kultura eta historia berreskuratu nahi izan dugu», esan du Garazi Lopez de Etxezarretak, Gipuzkoako Kultura zuzendariak. Bisita gidatuak antolatu dituzte: aste barruan, taldeentzat, eta asteburuetan, interesa duen ororentzat. Ostiraletan, 17:30ean, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 12:30ean izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.