Izena aldrebesa du, baina horrek ez dio arrakasta galarazi, aurtengoa zazpigarrena izango baita: Eustal Tulkur Askea antolatu dute, aurten ere, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Bihartik ostegunera, 20:00etan, bideoak, bertso saio original bat, literatura eta musika biltzen dituen saio bat, hitzaldi bat eta erakusketa bat ikusi eta entzungo dute ikasle, irakasle eta bisitariek, doan.
Giroa berotzeko, minutu bateko bideoen emanaldi bat egingo dute bihar. Tartean, ikasleek eginiko lanak erakutsiko dituzte.
Astearterako, lehen mailako bertso saioa antolatu dute. Maialen Lujanbio, Oskar Estanga, Xabier Paya eta Unai Iturriagak hartuko dute parte. Saio berezia izango da, euskara ikasleentzat propio prestatu baitute.
Asteazkenean, Biodiskografiak: diskoak, kaseteak eta beste zenbait oroitzapen faltsu saioa taularatuko dute. Iban Zalduaren izen bereko disko-liburuan oinarrituta dago, eta idazleak berak irakurriko ditu testuak. Xabier Montoiak abestu egingo du, eta Ibon Rodriguezek gitarra astinduko du.
Ostegunean, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Juan Carlos Moreno irakaslea izango da. El imperio de la lengua común: claves del españolismo lingüístico hitzaldia emango du. Aste osoan, komiki lehiaketako lanak egongo dira ikusgai.
7. EUSTAL TULKUR ASKEA
Noiz. Bihartik ostegunera.
Non. Hizkuntza Eskola Ofizialean, Iruñean.
Euskal kultura lantzeko astea
Bihartik ostegunera, bertsoak, musika, literatura eta hitzaldiak entzungo dira Iruñean, Eustal Tulkur Askean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu