Euskal kulturaren jatorriaren erroetara joko dute

Biltzar Atlantikoa egingo da ostiralean Irunen, Ficoban; Paleolitoa aztertuko dute ikuspegi ugaritatik

Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Nazioarteko eta Euskal Herriko bertako puntako adituak bilduko ditu Nazioarteko Biltzar Atlantikoak etzi, Irunen, Ficoba erakustazokan. Paleolitoan Bizkaiko Golkoan bizi zen Homo sapiens-a izango dute aztergai. Euskal jatorriaren muinera jo nahian, genetika, artea, hizkuntza, arkeologia edota folklorearen inguruko hitzaldi sorta zabalak emango dituzte egun osoan. Jauzarrea elkarteak antolatu du biltzarra.

Hamalau hitzaldi izango dira guztira. Stephen Oppenheimerren parte hartzearekin emango diote hasiera egunari. Oxfordeko ikerlari horrek 30 urte pasatu ditu giza genoma aztertzen. Horren arabera, Homo sapiens-a Afrikatik irten eta Asiatik barrena iritsi zen Europara. Orain dela 20 milioi urte inguru hotzetik babesteko aterpe bila Pirinio ingurura heldu zen arte. «Beranduago, izotzak urtzen hasi zirenean, Europa mendebaldeko birkolonizazioa eremu honetatik abiatu zen», azaldu zuen atzo Oppenheimerrek. Xabier Otero, Jauzarrea elkarteko buruarekin batera, Donostian egindako aurkezpenera biltzarrean parte hartuko duten hainbat ikerlari joan ziren.

Europatik Ipar Amerikara

Solutrearrak Ipar Amerikaraino iritsi zirela defendatuko du Dennis Stanfordek. «Solutrearrak inguru honetako kostan bizi ziren, eta Akitaniaraino iristen ziren. Jende horren arteko aniztasuna aztertu egin behar da, ziurrenik oso aberatsa baitzen», esan zuen. Ikerlariaren aburuz, izotz plaketatik barrena ugaztunak ehizatzera joaten ziren haraino, haragia beharrezkoa baitzuten bizitzeko. Antzekotasun handiak ikusi dituzte bi lekuetako harrizko tresnen artean. «Siberiakoak baino berdintsuagoak dira. Oso konplexuak».

Theo Vennemannek eta Peter Bakerrek euskarari erreparatuko diote. Azken hori Danimarkako hizkuntzalaria da, eta munduan garai bateko euskararen antza izan dezaketen hizkuntzak ditu begiz jota.

Keptin Stephen Augustin Kanadako Zibilizazio Museoko kontserbatzailea da. Kanadako indigenei buruz ariko da, haien ikuspegien berri emango du ostiralean. Hango jendea kristautasunera bihurtzeko euskaldunek eragina izan zutela uste du, eta euskal bertsolarien doinuak Kanadako indigenek erabiltzen dituztenen tankerakoak direla.

Aditu horietaz gain, Jean Clottes ere egongo da; Frantzian Kultura Ministerioko haitzuloetako margolanen aholkulari zientifikoa da bera. Eta Xabier PeñalberAranzadiko kidea ere izango da, izen handiko beste ikerlari batzuekin batera.

Paleolitoa jorratuko duen biltzar hau beste hiru biltzarren hasiera baino ez da izango. Historian aurrera eginez, gaur egunera arte iristea da asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.