Mugimendua sumatzen zen atzo Mendizorrotzako Ostalaritza Eskolako sukaldean. Eltzeak alde batera, haiztoak bestera, labea berotuta, barazkiak bazter batean, onddo eta mahaspasak haruntzago, pattar kopa bat izkinean, eta, nola ez, euskal okela protagonista. Zazpi lehiakideak buru-belarri aritu ziren lanean, eta epaimahaia zuhur izan zen ikasleek egiten zuten lanari begira.
Garaiko produktuetara zuzendutako Kalitatea lehiaketan Euskal Okela edo Euskal Esne Bildotsa izan ziren plateretako oinarrizko osagaiak. Hainbat ostalaritza eskolatako ikasleak sukaldari lanetan zirela, izen handiko sukaldari eta profesionalen begirada eta dastatze zorrotza izan zituzten epaile. «Aurtengo lehiaketan, iaz bezala, kalitate eta sormen handiko lanak ikusteko aukera izan da». Halaxe esan zuen Angel Rochak, Kalitatea fundazioko komunkazio arduradunak.
Gastronomia lehiaketan, Aiarako, Artxandako, Galdakaoko, Gamarrako, Leioako, Gipuzkoako goi-mailako Cebank eta Mendizorrotzako Diocesanas ostalaritza eskoletako ikasleak izan ziren parte-hartzaileak.
Euskal jakiak indartuz
Elkarlana bultzatzea eta etorkizuneko sukaldarien artean Euskal Herriko nekazaritza eta arrantza elikagaiak sustatzea da Kalitatea lehiaketaren helburu nagusia. Sukaldariei bertako elikagaiekin lan egiteak dituen onurak erakutsi nahi diete. «Ez soilik kalitatezko produktuak direlako; bertako landa ingurumena babestea, ingurunea zaintzea, nekazaritza indartzea, eta paisaiaz gozatzea garrantzitsua da, era berean», zioen Rochak. Oro har, nekazariek egiten duten lana eta sukaldariek egiten dutena uztartzea izan zuten xede finalean.
Okela lantzeko modua, aurkezpena, zaporea, trebetasuna, sormena eta osagaien oreka erreparatzeko, epaimahai profesionala hautatu dute aurten. Prestaketa prozesu osoan izan ziren epaileak: Gasteizko Sagartokiko Senen Gonzalez, Arzak Jatetxeko Igor Zalakain, Zaldiaran jatetxeko Patxi Ezeiza, Fernando Gonzalez de Heredia idazle gastronomiko gasteiztarra, iaz lehiaketan garaile suertatu zen Josu Saiz de Munilla sukaldaria eta Kalitateako Zuzendari Amaia Lukin, besteak beste.
Bi orduz platera prestatzen aritu ondoren, Leioako Manuel Parada izan zen 500 euroko diru zorroa eta Arzak jatetxean jardunaldi gastronomikoa irabazi zituena. Bigarrena, Miguel Adrian de Marcos izan zen, Aiarako eskolakoa. 300 euro eta jardunaldi bera irabazi zituen. Hirugarren platerik onenaren 300 euroko saria, berriz, Gamarrako eskolako Nagore Zedanorentzat izan zen. Gainontzeko parte hartzaileek, kalitatezko produktuz osatutako otzarak jaso zituzten.
«Jardunaldi gastronomiko hauek garrantzi handia izango dute parte-hartzaileentzat. Eguneroko bizitzan sukaldari profesional batek produktua nola erosten duen, nola prestatzen duten, nola zerbitzatzen duten, eta nola jaten den ikasteko aukera izango baitute», argitzen zuen Rochak.
Euskal jatorriko produktuak sustatu asmoz, usain eta zapore desberdinen nahasketaz girotu zen Ostalaritza Eskola.
Euskal okela zazpi eratara
Ostalaritza eskolen Kalitatea lehiaketaren finala jokatu da, bigarren urtez. Gasteizko Mendizorrotzako Ostalaritza Eskolak hartu ditu sukaldarien ahaleginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu