Sorginen akelarreak, lamiak, gizotsoak, basajaunak... Euskal Herriko folkloreak eta historiak baditu izua gorputzean sartzeko adina adibide. Herrietako kondairen zokorik ilunenetan gordeta daude istorioak, fikzioaren eta errealitatearen gordintasunaren arteko mugan balantzan. Ahozko literaturaren bitartez kontatu dira mendez mende, baina gutxitan egin dute salto idatzira.
Jauzi hori egiteko asmoarekin plazaratu du Mikel Rodriguezek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1967) Sacamantecas y otros relatos vascos de terror liburua, Txertoa argitaletxean. Euskal tradiziorik misteriotsu eta ilunena beldurrezko literatura klasikoarekin nahastu du; H.P. Lovecraft, Edgar Allan Poe eta antzeko idazle klasikoen eragina jasota.
Zortzi istoriok osatzen dute liburua. Euskal Herrian girotuak daude guztiak, eta Erromatar garaitik aro garaikidera arte dihardute. Nekazari guneetan kokatu ditu gehienak, baina badira gune industrialetan girotutako istorioak ere.
Tradizioak ez ezik, Euskal Herriko pertsonaia historikoek ere badute bere lekua liburuan. Protagonismo gehiago edo gutxiagorekin ageri dira Juan Diaz de Garaio Sakamantekas, 1870etik 1879ra sei emakume bortxatu eta hil zituen gizonezkoa; Felix Maria Samaniego alegialaria; haren osaba handi Frantzisko Munibe Idiakez Peñafloridako kondea; Fausto Elhuyar zientzialaria; eta Sabino Arana Goiri EAJ alderdiaren sortzailea. «Pertsonaia historikoen bitartez, bizitza handiagoa eman nahi izan diot kontakizunari. Literatur jolasaren bidez testuinguru historikoaren presentzia indartu dut», azaldu du Rodriguezek.
Ez da harritzekoa idazleak istorio bakoitzaren testuingurua zaindu izana. Izan ere, historialaria da Rodriguez, eta hainbat liburu idatzi ditu urteotan. Dena den, idatzi duen fikziozko lehen liburua da atzo aurkeztutakoa. Pertsonaia historikoen eta istorioetako fikzioaren artean nahasketarik egon ez dadin, glosategi bat jarri du liburuaren azken orrietan.
Kondairen atzean dagoena
Historian zehar kondairen eta errealitatearen artean nahasketa garbia dagoela uste du Rodriguezek. Gizotsoaren pertsonaia—Hombre-lobo en Bergara istorioan ageri da—, esaterako, otsoek herritarrei egindako erasoetan oinarrituta dago. Azaldu duenez, «hain izan ziren bortitzak otsoek egin zituzten erasoak, Nafarroan zerga berezi bat jarri behar izan zutela erasoez babesteko. Amezketan, 1717ko apirilaren 8tik 12ra lau pertsona hil zituzten animalia horiek, eta Zumarragan, eliza lekuz aldatu zuten, erasoak saihesteko asmoarekin».
Sorginen inguruko alegia guztiak inkisizio garai horietan egiten ziren sorgin ehizetan oinarrituta daude. Baina akelarreetan zebiltzan sorgin horiek deabruaren gurtzaileak al ziren benetan? Edo sendabelarretan adituak ziren emakumeak ziren?
Sakamantekas bera pertsonaia historikoa da. Baina haren erasoek gantza ateratzeko helburua baino gehiago irrika sexual baten adierazle zirela adierazi du Rodriguezek. «Garaiko tabuen eraginez, ezin zen psikopatien edo pederastien inguruan libreki hitz egin. Hala, gantza ateratzea haurrei pertsona arriskutsuak daudela adierazteko modua bihurtu zen». Gertakari horiek beldurrezko istorioak kontatzeko bazka ezin hobea bihurtu dira geroztik.
Euskal Herria «ohituretara atxikia» egon den herria dela gogoratu du idazleak, eta antzinako kultura hori beldurrezko literatura garatzeko «aproposa» dela uste du.
Literatura estilo horren inguruko interesa dago, haren aburuz, eta horren erakusle dira Donostia eta Bilbon egiten diren Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema asteak. Ekitaldiak «fenomeno mediatiko masiboak» direla goraipatu du, baina gero ez dutela islarik euskal literaturan.
Arrazoiren bat aurkitzekotan, Elizak izandako agintea nabarmendu du idazleak. «1950era arte literatura elizgizonen mendean zegoen, eta historikoki Eliza katolikoak ez du beldurrezko literatura jorratu. Ez, hala, beldurrezko istorioak, jendearen beldurraz baliatuz Elizaren nagusitasunari eusteko erabiltzen zituztenak». Halere, 1950etik aurrera beldurrezko literatura Euskal Herrian garatu ez izana azaltzen duen arrazoirik ez dagoela adierazi du.
Egoera ez da hoberena. Nocte Beldurrezko Literatura Idazleen Espainiako Erakundean dauden 61 kideetatik bi bakarrik dira euskal herritarrak; Rodriguez bera eta Ismael Martinez Biurrun iruindarra.
Euskal usadio ilunenetatik
Euskal Herrian girotutako beldurrezko zortzi istoriok osatzen duten liburua aurkeztu du Mikel Rodriguez idazleakFikziozko liburua da, baina hainbat pertsonaia historiko daude istorioetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu