Zoritxarrez ez nuen Antton pertsonalki ezagutzeko aukerarik izan, baina jakin ongi dakit gure euskal zinemagintzaren bultzadan aitzindarietako bat izanik zein garrantzitsua izan den guretzat. Gaztetatik zinemaren inguruan murgilduta, euskal zinemagintza baten industriarik ezarekiko kezka erakutsi zuen, eta haren aldarrikatzaile nagusietakoa izan zen. Bertakoa izanik, bertakoaz hitz egin eta bertakoon moduak adierazteko beharraz mintzo zen, euskal zinemagintza nazional batez, egun mundu horretan gabiltzanontzat eta, jakina, gure kultura landu eta zaintzea bilatzen dugunontzat erreferentzia bilakatuz.
Telebistak berreskuratu berri duen Ke arteko egunak estreinatu zeneko garaia gogoan dut. 80ko hamarkadako Euskal Herriak bizi zuen egoera gatazkatsuaren erdian, urte batzuetan kanpoan izan den euskaldun itzuli berri baten kokatze prozesua erakusten zuen, ausardiaz. Ez geunden ohituta hain gertuko giro bat pantailan ikustera. Baina Anttonek utzitako ondare garrantzitsua zuzendari moduan egindako filmetatik haratago doa. Nola ahaztu, adibidez, hain zuzen euskal zinemagintza baten bila, beste zinemagile eta kulturgile batzuekin batera sortu zuen Ikuska euskal dokumental sorta.
Orain, dagoen tokitik —inon balego— entzun diezadan Anttonek datozen belaunaldiek euskal zinema landu eta zaindu dezaten lanean jarraituko dugula, eta zoritxarrez oraindik gure zinemaren industriarik gabe darraigun arren, ekingo diogula bertako ekoizpenak egiteari, bertako istorioak modu unibertsalean munduari erakusteari, eta ahal dugun neurrian, industria sortzeko ahaleginari.
Maratila
Euskal zinema baten bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu