Frantses onak eraiki nahi ditu Besson ministroak. Badaiteke euskaldun batentzat horrek urrutiko gaia iruditzea. Ez pentsa horrelakorik: etorkinen integratzearen atzean eredu frantses komun baina oraindik ezin definituzkoaren arazoa baita, behintzat Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako biztanleentzat. Saioak egin ziren, ez hain aspaldi, eredu baten ikertzeko, nola frantses normalak Marseillaise kantua besteak beste eskolan ikasi beharko zuela, Libertatea maitatu edo komunitarismoei uko egin. Eskuin muturreko botoen eskuratzea 2012ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, hari lodixkoa, nabaritzen da hargatik. Eta berriz Frantzian %51k %49ri aginduko diete, beldurrak eta gorrotoak hazi portzentajearen medioz. Gaixo demokrazia...
Escualdun ona: hori izan zen Escualduna euskarazko astekariaren izena 1907. urte horretan. Argi zen orduan euskalduna girixtino fededuna eta nagusien aurrean apala agertuz zela ez soilik nortasuna baina ere zeruaren bidea.
Izan dira geroztik eredu asko gure onezia argitu nahiz. Jaun Goikoa eta Lege Zaharra agintari izan zen hiru probintzietan, Dios, Patria, Rey-ren ondotik eta Caudillo-aren Una Grande Libre haren aurretik. Iraultzalari eta Sozialista izateak bere turiferario paketa sortu zuen ere 60.etik at. Gaur egun ekologiak eta bizi alternatibak beren ttanttoak biltzen ari dituzte.
Beherapen garai honetako amets gaiztoetan «euskaldun ona euskaldun hila» litzatekeela suma daiteke ere. Zer ote den izaki berezi hori, bakoitzak definitu lezake. Pista bat: euskara galdu duena?
Euskaldun onak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu